Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Daimon

 

Mandelstamm, Akhmatova eta Rilkek

bertsolerroak diktatzen zizkieten ahotsak entzuten zituzten. Baita

Valéryk ere lehen bertsolerro bati buruz hitz egiten zuen,

hurrengoak hortik ateratzen zirelarik.

Garai zaharragoetan demonioek

(norberaren espirituak aingeruak bezalakoak

ez hainbeste guardako ezpada belarrietako zomorro)

sekretuak kontatzen zituzten horrela

enigmak esanez besterik gabe. Zoriontsuak

poeta haiek (oraindik ere badira)

inoiz ez zeudela bakarrik sinesteko gai zirenak

ezta bakardade izugarriaren ordu

izugarrienetan ere. Sorbalda atzean

espiritutxoa zegoen haiek laguntzeko

erbesteratuen edo erailduen kalbarioetan,

edo Duino aristokratikoetan biztanle,

edo hitzaurre-egile milaka franko batzuen truke

burua neke handiz eskainiz

saiakerak idazteko sur l'idée de dictature.

Sokrates eta Goethe guztiek horrelako zerbait izan zuten,

beste batzuek geroago idazketa automatikoa izan zuten bezala.

Tristea da ez zutela tolesik gabe esan

(salbu eta beren buruei gezurrak kontatzen zizkietenean) erabateko

bakardadean, gau ilunean

— San Joan Gurutzekoak eta poesiara emandako santuek

aipatuan, non haien ustez jasotzen baitzuten,

ez da seguru eta ez dago baieztatuta nondik,

Goikoaren Bisita gorputz barruan —

ez ziela inork edo ezerk hitz egiten: ezerk ez.

Giza-isiltasunean hitz egiten zuten soilik

izateari ukatzen zaion irudi bikoitzarekin.

 

1972/11/7