Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Ravena

 

Ordoki eta Alentejoko kaleetako hautsa bezalakoa

hondakinak eta mosaikoak itzal gordinean.

San Vitale-n ordaindu nuen

argiak piztu eta Teodora etor zedin

Justiniano aurrez aurre Egiptoko faraoien begiak

irekita. Bataiategiak

eta Apolinario biak eta urdin geometrikoan

Gala Plazidia lotan amaiera erromatarrean

Teodoriko bezala heriotza ostrogodoan.

Hori guztia barruan bakarrik, eguneko argiak

edo ordaintzen den argiak ez baditu esnatzen.

Eta Dante lotan dago eta hurbil Byron

igaro zen Sodoma bezala inperio hilaren gainetik.

Ez da argirik pizten horiek ikusteko — Dantek

Italiako babesleku berezia izan zuen

Bigarren Gerraren bonbardaketen aurka

(pentsamendu eder bat): baina hautsa

baino gutxiago izango da hainbeste italiarrekin

oldarka munduan zehar lectura Dantis batekin?

Eta Byron — isles of Greece, o isles of Greece —

maitasunagatik aurpegi maitatua ikusten ez duen

maitasunaren oroimena bakarrik (poesia bezala beti).

 

1971/5/24