Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Iberiako gazela

 

 

(Iberiako gazela, brontzezkoa, K. a. VII. edo
VIII. mendeak, British Museum,  Londres)

 

Hiru hankatan eutsirik, lauretako bat

galdu zelako, atseden hartzen du, brontzezko,

museoko oinarri diskretuan.

Belarriak tente, entzuten bezala, hankak

mugimendu oraindik zalantzazko dira, begirada

huts lausoa basoaren zarata sakabanatuetan

galtzen den bitartean.

Aspaldian erori ziren zuhaitzak. Aspaldian,

oroimenik gabeko denbora galduak,

hil ziren herrixkak mendietan

eta harriz harri haietan ezabatu.

Aspaldian inbasioek bortxatu zuten

herri hau — zein? — eta odol,

su eta esklabotasunean, edo agian

lema luze eta bela garai bikoitzeko

itsasontzietan iritsi ziren gizonen amodioan,

lasai urtu zen, mendiak utziz

ibarren truke, basoa utziz

labarren truke, itsasoaren hatsanka

itsasadar otzan eta hondartzetan,

iturri aratzak utziz landaretza artean

sigi-saga doazen ibaien truke.

Aspaldian, baina gazela honek dirau,

muturra fina, soina leuna

eta bular-artea ia-ia gizatiarra. Jainko bati

eskaini zioten agian? Edo bera

zen eskaintza jaso zuen jainkosa?

Edo agian gazela baino ez zen, ideia,

iberiar gazelaren ideia hutsa?

Hiru hankatan eutsirik, atseden hartzen du.

 

Assis, 1961/4/8