Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

 

Dom Fuas hil da, nire katua zazpi urtez,

harro, erregezko, hotsandiko, ia hurbilezin,

angora erraldoiaren dotorezia destainarian

hauskara eta zuria, ile oparokoa,

eta isatsa elezaharretako kasketaren luma bezalakoa.

 

Hala ere, bere orduetan, eta etxetik

agertzen zenean jateko batez ere

edo gu etorkor bisitatzeko,

Guermantesko dukesaren antzera Swann hartzean,

bazituen une xamurrak dena besarkadak,

baina bertan behera uzten zituen azkar itzultzeko

bere ibilera inperialetara, bere duke begiradetara.

 

Ez zuen inoiz beste katu bizitzarik onartu

etxe honetan, berea ez bazen. Guztiek

alde batera egiten zuten bera pasa zedin

edo jan zezan, guztiak geldi

urrutitik begira bere maiestateari,

ez baitzen inoiz miauka ibili ezer eskatzeko.

 

Gaixorik zebilen, arazoak arazoen gainean,

gorputzean eta ile oparoan

zein buruaren itxuran nabari zitzaion

zenbat umiliazio ezartzen zion oinazeak

hain harrotasun handiari.

Azkenik, era amerikarrean

albaitariaren ospitalean sartu zen. Eta han,

telefono dei batez, bakar-bakarrik, bakarti

edozein gizaki bezala hemen, hil zela jakin genuen.

 

Desberdintasun bakarra, eta hobe da horrela,

hiltzen den animalia izatearen izu giro horretan,

bera gehiagorik ez ikustea izan zen. Zeren edo hiltzen baikara

lehen hiltzen zen moduan jendaurrean,

etxeko guziak, edo gorte osoa inguruan, edo

hobe da inoren aurpegian ez ikustea

— bereziki bizirik hain harroa zen katuaren aurpegian —

bakarrik hiltzeak, mundu osoak lagunduta bada ere,

beti uzten duen seinalea ez ezik,

beste bakardade teknokrata eta higieniko hori ere,

idazkari artatsu baten ahots atsegin eta

profesional bilakaturik ezabatzen gaituena.

 

Dom Fuas, hil zara. Ez dut esango

lurra arin izan dakizula, zeren egia biribila baita

existitzearen gorozkiak bertan

hain ondo estaltzeko,

katu ongi hezia eta zintzoa berez,

trebetasun handiz zulatzen zenuen lurrean

betiko lo egitearen abantaila ere ez duzula izango.

Azken urteotan hainbeste heriotza nire inguruan,

zureak ere axola du. Beste inork ez

du zure izena izango, zu baino lehenago

beste katu asko ere Dom Fuas izan ziren bezala.

 

1977/12/18