Aurkibidea
Oda inoren konturako surrealismoari
Camőes-ek bere garaikideei hitz egiten die
Gutuna ene seme-alabei Goyaren fusilamenduei buruz
Wanda Landowskak Domenico Scarlattiren sonatak jotzen ditu
Schuberten abestiak, Wilhelm Müllerren testuekin
Sophia de Mello Breyner Andresen-i Pedra filosofal liburuko ale bat bidaltzean
Omenaldia Tomás António Gonzagari
Chartres edo bakeak egiten Europarekin
[hilobiak dauden tokitik igarotzean]
Hizkuntzalaritzaren hastapenak
Ekumenismo lusitaniarra edo herritartasun bikoitza
Militarrez betetako kafetegia Luandan
Monasterio-bizitzaren laudorioa
[adituen eta poeten artean dagoen desberdintasuna]
Aurkibidea
Oda inoren konturako surrealismoari
Camőes-ek bere garaikideei hitz egiten die
Gutuna ene seme-alabei Goyaren fusilamenduei buruz
Wanda Landowskak Domenico Scarlattiren sonatak jotzen ditu
Schuberten abestiak, Wilhelm Müllerren testuekin
Sophia de Mello Breyner Andresen-i Pedra filosofal liburuko ale bat bidaltzean
Omenaldia Tomás António Gonzagari
Chartres edo bakeak egiten Europarekin
[hilobiak dauden tokitik igarotzean]
Hizkuntzalaritzaren hastapenak
Ekumenismo lusitaniarra edo herritartasun bikoitza
Militarrez betetako kafetegia Luandan
Monasterio-bizitzaren laudorioa
[adituen eta poeten artean dagoen desberdintasuna]
Kretan, Minotauroarekin
I
Portugalen jaioa, gurasoak portugaldarrak,
eta brasildarren aita Brasilen,
estatubatuarra izango naiz ziur aski han nagoenean.
Herritartasunen bilduma egingo dut, erabili,
erantzi eta abandonatzen diren alkandorak bezala, jantzi
eta zerbitzu egin zigun arropari zor zaion begirune guztiarekin.
Ni neu naiz neure aberria. Aipatzen dudan aberria
belaunaldien kasualitatez jaio naizen
hizkuntza da. Eta egiten eta bizi dudanaren aberria
mundu honetako gizatasun gutxiak sortzen didan amorrua da,
beste mundu batean sinesten ez dudan arren, eta beste bat nahi izango banu
hauxe bera izango litzateke. Baina, egunen batean dena ahanzten badut,
Minotauroarekin
Kretan kafea hartzen
zahartzea espero dut,
lotsarik ez duten jainkoen begiradapean.
II
Minotauroak ulertuko nau.
Adarrak ditu, jakintsuek eta bizitzaren etsaiek bezala.
Erdi gizon, erdi zezen, gizon guztiak bezala.
Pasifaeren semea, Racineren bertsolerro baten anaia izan zen,
Valéry ergelak “langue”aren ederrenetako bat jotzen zuena.
Baita Ariadneren neba ere, mataza batean nahasi zuten eta izorratu.
Teseok, heroiak, eta, greziar heroiko guztiak bezala, putaseme bat,
bere kontura barre egin zuen mutur errespetagarrian.
Minotauroak ulertuko nau, kafea hartuko du nirekin, bitartean
eguzkia itsaso gainean etzatera doa bare, eta itzalak,
ninfa eta efebo langabetuz beterik,
kikaretan bilduko dira eztiro,
hatz zikinarekin, bizitzaren jatorria ikertzeagatik,
mugituko dugun azukrea bezala.
III
Hor aurkitu nahi dut berriz nire burua, bizitza munduan zehar
hamaika zatitan barreiaturik utzi ondoren, gizagaixo hark
esan zuen bezala, Minotauroak ez zuen hori irakurri, zeren
jende guztiak bezala, ez baitaki portugesez.
Nik ere ez dakit grezieraz, iturri fidagarrienen arabera.
Volapukeraz hitz egingo dugu, bietarik inork
ez baitaki. Minotauroak
ez zuen grezieraz egiten, ez zen greziarra, Grezia baino lehen bizi izan zen,
aspaldidanik estaltzen gaituen kaka jakintsu hori guztia baino lehen,
gure esklaboek egin zutena, edo guk geuk besteen
esklaboak garenean. Kafea hartzen dugun bitartean
penak kontatuko dizkiogu elkarri.
IV
Aberriekin erosi eta saldu egiten gaituzte, haiena ez izateagatik
lotsa sentitzeko behar bezain garesti saltzen diren
aberririk ezean. Ez nik ez Minotauroak
ez dugu inongo aberririk izango. Soilik kafea,
usaintsu eta bortitza, ez Arabiakoa, ezta Brasilekoa ere,
ez Fedecam-ekoa edo Angolakoa, ez beste inongoa. Baina kafea
hala ere, eta nik, seme baten samurtasunaz,
ikusiko dut nola isurtzen den zezenaren kokotsetik
gizonaren belaunetaraino,
berak ez daki nork utzi zizkion, aitak edo amak, ondare moduan
adar oker horiek bekoki prestuan apaingarri,
Atenas baino eta, batek daki,
Palestina baino, eta beste leku turistiko
biziki aberkoiak baino lehenagokoak.
V
Kretan, Minotauroarekin,
poemarik gabe eta bizitzarik gabe,
aberririk gabe eta espiriturik gabe,
ezer gabe, inor gabe,
hatz zikina izan ezik,
nire kafea bakez hartuko dut.
1965/7/5