Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Rembrandten “Emakume hila”

 

 

(Emakume hila, Rembrandtena,
Musée National d'Art Ancien, Brusela)

 

Hilda. Hilda bakarrik. Hilda baino ez.

Ez dirudi lotan. Ezin esan

amets egin edo atseden hartu duenik, edo bizitzatik

bizi izan ez zuena baino gehiago aldean eraman duenik.

Hilda dagoela dirudi eta ez dirudi beste ezer.

Eta dena antolatu, prestatu eta egokitu da

heriotza berea bakarrik izan dadin.

 

Oso zaharra da. Zaharra, edo higatua

larrimin lasaian zain egoteagatik bizitzak

nola desegiten dituen kolpez kolpe

haragiaren eta oroimenaren loturak, plazeraren eta errukiarenak,

edo besteak entzute hutsagatik barre egin,

eta negar eta xuxurlatu zutenean edo isilik

beren buruak entzun berak bere burua entzuten zuen moduan,

zainetan doan denbora

arnastearen entretenimendu lasaian.

 

Orotan iraungi da bizitza. Lehenengoz,

berea eta besteena ere zen bizitza,

maite eta apur bat ezagutu zituenena

edo, irudi lausoki gogoratuak, egun

gogoetatsuen itzal zirenak, begiak igaro eta gelditzen

diren gauzetan pausatzen direnean.

Gero bizitza emakumearen baitan — bizitze huts,

bizirik egote huts hori, bere izena jakin gabe —

eta berea ez zena baina haren jabetza

eman ziotena, mendeak igarotzearekin,

lehendabiziko gau zingiratsutik

jaiotzean negar egin zuen gela hartaraino.

 

Inolako bizitza formak ez du iraun

begitartea zurbiltzen dion argi lausoan

hain bolikara hil-jantzi zurian

burusi ilunean nabarmen.

Orain dela gutxi hil da, eta ez ahoan,

ezpain finekoa, ertz luzeak,

ez betazal astunetan edo

sudur konkorraren zorrotzean,

ez du ezerk dardararik egiten, ezta heriotzak ere, ezerk ez.

 

Argiak itzalpean utzi du gurutzea,

horman zintzilikatua ohantzearen ondoan,

hala ere aurpegian pausatu da argia zorrotz eta arin

milaka zimurren ehuna argituz

gu eta besteen artean, gu eta gauzen artean

gu eta geronen artean

higitzen den armiarmak eho duena, bizitza

ez bazen ere larruazalaren uzkurtze hori

muxu bat edo igarotako haize bolada bat irristatzen denean,

estutasun zoratua, beldur bat-batekoa,

konfiantza tristearen luzamendua.

 

Hilda dago. Hilda bakarrik. Baina, halere,

koloreek ere eusten ez duten bakardadean

ez da mundua hiltzen, Herio ez dager,

ezer ez dager bera baino,

bizitzaren bakardadea izateari utzi ziona,

han gelditzeko, usteldu baino lehen,

hilzoria bukatzen den une laburrean,

azkenean kanpoan ikusten dugun bakardadea

begitarte laruan, hil-jantzi zurian,

burusi ilunean, argi lausoan,

buru geldiaren jarreran,

betazal lodi astun

begi gainean betiko itxietan.

 

Lisboa, 1959/5//12