Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

 

Hilobiak dauden tokitik igarotzean

— edozein tokitatik igarotzean dago giza-hautsa —

zenbat gaiztakeria datzan han sakabanatuta,

ondare moduan haragian daramaten

beste gizakien arnasa izateko prest:

zenbat saldukeria zikoitz ari da hortzak karraskatzen

eta kontuak egiten etorkizunarekin:

zenbat zitalkeria amorratzen dagoen oraindik

zitalkeria osoa burutu ez izateagatik.

Hori guztia da gizateria.

 

Baina mendi, muino, larre,

basamortu eta basoetako hauts artean,

edo itsaso sakoneko ilunpe itxienetan

geruza bigun moduan likatsu

jalki den hauts horretan — zenbat amets datzan

handitasunez beterik, baina handitasun hori

suntsitu, saldu eta kondenatu zuten

gizateria diren horiek.

 

Ez da inoiz testuingurua edo historia izan

ezta patua ezta probidentzia ere,

handitasuna hil duena edozein gauzatan,

izan inperio, lan edo une batez zoriontsuago

izateko keinu bizi huts.

Ez, hiltzailea izan da beti ezkutatzen dena

beste gizateria batean.

 

Hildakoen eta hiltzaileen hauts artean

igarotzen gara. Eta hauts izango gara

haiek diren bezala. Bigarrenak zigorgabe beti,

oraindik eta betiko kontsolaezin lehenengoak.

Inongo bakek ez digu gaiztakeriaren kalte-ordainik emango.

 

1971/5/27