Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Platano berriro bisitatuak

 

Zuhaitz eneak, zer esango dut zuetaz

zuekin pentsatzean noizbait esan ez dudanik?

Ikusi zaituztet orain eta gogoratuz ikusten dut zuengan

orduan esan nuena, zer esango dut?

Beste batzuk dira hostoak, adabegitsuagoak enborrak,

sustraiak atzapar kakotuen antzerakoagoak

eta orbanak, zuen gorputz altuagoetan,

ilunagoak eta goroldiotsuagoak.

Baina aldatu zarete, ez zarete berberak,

berberak izanda ere zuhaitzak beti diren bezala —

— ez da esatea: denbora zuen enborretan dago,

nire gogoak egina soilik nire hitzetan.

Eta zuekin hitz egitea, galdera hauek

zeinetan heriotzak nigan ezagutuko duena

urrunduz baitoa geldigaitz gelditze larrian —

— ez da hitz egitea: ihesean doan pentsamendua da,

naizen bitartean bizitza bera ere geldiarazi nahi duena.

....................................................................

Hitzak bezala, bat-batean ikusi zaituztet

gutxiagotzen bizkor ikustearen ikusteaz

ur argi bilakatu den zeruertz zehatzean

murgilduta (oi, puntu beltzak, zenbat?)

apurka itzaltzen den argi lauso

eta kolorgean.

                    Zuhaitz eneak? Eneak? Zeintzuk?...

Zuhaitz eneak, zer esango dut nire buruaz?

 

1958/4/9