Aurkibidea
Oda inoren konturako surrealismoari
Camőes-ek bere garaikideei hitz egiten die
Wanda Landowskak Domenico Scarlattiren sonatak jotzen ditu
Schuberten abestiak, Wilhelm Müllerren testuekin
Sophia de Mello Breyner Andresen-i Pedra filosofal liburuko ale bat bidaltzean
Omenaldia Tomás António Gonzagari
Chartres edo bakeak egiten Europarekin
[hilobiak dauden tokitik igarotzean]
Hizkuntzalaritzaren hastapenak
Ekumenismo lusitaniarra edo herritartasun bikoitza
Militarrez betetako kafetegia Luandan
Monasterio-bizitzaren laudorioa
[adituen eta poeten artean dagoen desberdintasuna]
Aurkibidea
Oda inoren konturako surrealismoari
Camőes-ek bere garaikideei hitz egiten die
Wanda Landowskak Domenico Scarlattiren sonatak jotzen ditu
Schuberten abestiak, Wilhelm Müllerren testuekin
Sophia de Mello Breyner Andresen-i Pedra filosofal liburuko ale bat bidaltzean
Omenaldia Tomás António Gonzagari
Chartres edo bakeak egiten Europarekin
[hilobiak dauden tokitik igarotzean]
Hizkuntzalaritzaren hastapenak
Ekumenismo lusitaniarra edo herritartasun bikoitza
Militarrez betetako kafetegia Luandan
Monasterio-bizitzaren laudorioa
[adituen eta poeten artean dagoen desberdintasuna]
Gutuna ene seme-alabei Goyaren fusilamenduei buruz
(Maiatzak Hiru, Goyarena,
Museo del Prado, Madril)
Ez dakit, ene seme-alabok, nolakoa izango den zuen mundua.
Baliteke, dena posible baita, zuentzako
nik nahi dudana izatea. Mundu erraz bat
non gauza guztiek duten zailtasuna etorriko litzatekeen soilik
gauzak berez erraz eta natural ez izatetik.
Mundu bat non guztia egongo den baimenduta,
zuen gustu, zuen desira, zuen plazeraren arabera,
zuen begirunearen arabera besteekiko, besteen begirunearen arabera zuekiko.
Eta baliteke hori guztia ere ez izatea, bizi izateko
interesatzen zaizuna hori ere ez izatea. Dena da posible,
borrokatu egiten dugun arren, borrokatu egin behar dugun bezala,
guretzat askatasun eta justizia den ororen alde,
edo bi horiek baino gehiago,
bizirik egotearen ohoreari buruzko ardura leialaren alde.
Egunen batean jakingo duzue gizateriaz haraindi
zenbatezinak direla horrela pentsatu zutenak,
lagun hurkoarengan maitatu zituztenak haren bakantasuna,
ez-ohikotasuna, askatasuna eta desberdintasuna,
eta gero sakrifikatu egin zituztenak, torturatu, jipoitu
eta justizia laikoaren eskuetan jarri
“erruki handiz eta odol jariorik gabe” akaba zitzaten.
Jainko bati, pentsamendu bati,
aberri bati, itxaropen bati, edo bakarrik
erraiak jaten zizkien gose eztabaidaezinari leial izateagatik,
larrutu zituzten, tripak atera, erre, gaseztatu,
eta gorpuak metatu, bizi izan ziren bezain anonimoki,
edo errautsak sakabanatu, haien oroitzapenik ere gera ez zedin.
Batzuetan, arraza batekoa izateagatik, beste batzuetan
klase batekoa izateagatik, ordaindu zituzten guztiek
oker ez eginak, baita okerrak egin izanaren kontzientziarik
ez zutenean ere. Baina era berean gertatu zen
eta gertatzen da ez zituztela hil.
Gailentzeko milaka modu egon da beti,
otzanki suntsituz, leunki,
bide ezin ulertuzkoen bitartez, Jainkoarenak bezalakoak esaten dutenez.
Fusilamendu hauek, heroismo hau, laztura hau,
Espainian gertaturiko gauza bat izan zen, beste milaren artean,
orain dela mende bat baino gehiago eta bortitza eta bidegabea zenez
Goya izena zuen margolari baten bihotza mindu zuen,
oso bihotz handia, amorruz eta amodioz
betea. Baina hau ez da ezer, ene seme-alabok.
Gertaera bat bakarrik, gertaera labur bat
kate honetan non katebegi bat zareten (edo ez zinateketen izango)
burdinaz eta izerdiz eta odolez eta semen apur batez egina,
zuentzako amets egiten dudan mundurako bidean.
Sinets iezadazue, inongo munduk, inork, ezerk
ez du balio bizitza bat edo bizitza edukitzearen poza baino gehiago.
Eta garrantzizkoena hauxe da — poztasun hori.
Sinets iezadazue, hainbestetan aipatuko dizueten duintasuna
bizipoz hori baino ez da, bizirik egotetik
datorrena, jakinda zuek ez zaudetela inoiz
beste bat baino biziago, inork ez duela sufritu behar, inor ez dela hil behar
zuetako batek bakarrik apur bat gehiago eutsi diezaion
guztiona den eta etorriko den heriotzari.
Espero dut suharki hori guztia baretasunez jakingo duzuela
inori errua bota gabe, izurik gabe, anbiziorik gabe,
eta batez ere hozkeriarik
edo axolagabekeriarik gabe. Hainbeste odol,
hainbeste min, hainbeste larridura, egunen batean
— mundu zoriontsu baten asperdura atzetik joaten bazaizue ere —
ez dira alferrikakoak izango. Aitortzen dut,
askotan, hainbeste mendetako zapalkuntza
eta ankerkeriaren lazturan pentsatzen ari naizelarik, zalantzak ditudala
eta samindurak gainezka hartzen nauela kontsolaezin.
Alferrik izango da ala ez? Baina, alferrik ez bada ere,
nork berpiztuko ditu milioi horiek, nork itzuliko die,
bizitza ez ezik, lapurtu zieten guztia ere?
Inongo Azken Judiziok, ene seme-alabok, ezin izango die itzuli
bizi izan ez zuten une hura, gozatu ez zuten
gauza hura, amodiozko
keinu hura, zer egingo zuten “bihar”.
Eta, horregatik, sortzen dugun mundu bera
kontu handiz tratatu behar dugu, gurea
ez den gauza bezala, utzi digutena
begirunez gorde dezagun
gure zainetatik dabilen odolaren oroitzapenetan,
beste bat izan zen gure haragiaren oroitzapenetan eta besteek maitatu ez zuten,
lapurtu baitzieten, maitasunaren oroitzapenetan.
Lisboa, 1959/6/25