Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Jesuiten elizan Luandan

 

Emakume beltzak hitz egiten du bazter ilunean

eliza hain garbi eta zaharberrituan.

Lurrean eserita, zaharra, besoak irekirik

isiltasun-esaldietan bere gainean

zintzilik dagoen Kristo hil, geldi

eta isilarentzat. Zer esango dute biek?

Zein izango da zalantza nahasia,

hizkuntzarik gabeko intimitate larritasuna igarotzen dena,

beste arraza bateko buru antzinako horretan

eta batez ere, sibilek eta sorginek dakiten bezala,

seinalez baina esaldi argiez hitz egiten zuten

beste jainkoen buru horretan?

Espazioaren bakardade hutsean

non Erromak ibai luzeen, hondartza sigi-sagatsuen

eta sakan gogorretako goi-ordokien

argi lainoz eta galdaz zuritua

zuriz ilundu zuen,

nolako jainkoa asma daiteke ez bada

ez izatearen miseria-mina, ez bada hizkuntza librea ez edukitzearena

gurasoengandik seme-alabengana?

Zein askatasun eskatzen du? Zein heriotza desiratzen?

Aldare nagusiaren aurrean ez al daude dardarka

harlauza soilaren barruan

Paulo Dias de Novais horren hezurrak? Ez al diote

baobabetako fruituek, arratoi zintzilikatuek bezala,

hezur-muin lehorra oraindik karraskatzen,

hautsa baino geratzen ez den herrietako

erreketa eta suteen garretan?

 

Porto, 1972/8/24