Ipurtargi beltza
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
Josu Landa
1960, Altza
 
2002, nobela
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
aurkibidea
 

 

—45—

 

Dalilak Sansonen esperma beroa bere gorputz barnean senditu zuenean, neke-sentimendu aspertu bat nagusitu zitzaion, eta haren gorputza berearen gainetik alde batetara baztertu zenean, ateratzen ari zitzaion negar ttipia disimulatu zuen, hura ohar ez zedin.

        Sanson, berriz, oso kontent zegoen —hala zirudien arpegiak bederen—, azken koito hura gau hartako zortzigarrena bait zen, eta ez zirudien inola ere azkena izango zenik. Dalilaren arpegi itzaliarekin alderatuz, oso expresio bizia zeukan bere ar-keinuak. Azkenik, Sanson konturatu zen haren arpegiaz, eta ea nekaturik zegoen galdegin zion, eta ea ez zuen gogo gehiagorik, ez zuela oso piura onik, eta beragatik bazen, ba akabo, gau hartan besterik ez. Dalilak, geratzen zitzaizkion energia guztiak azken irribarrea bortxatzen enplegatu zituen, eta kopetan emandako laztan baten bidez adierazi zion ongi zela, aldi berean hitzik gabe eskerrak emanez.

        Berehala hartu zuen loak Sanson, eta Dalila gelditu zen haren aldamenean, begiak galdurik gelaren sapaia begiratuz, eta burua pentsamenduetatik ezin baztertuz.

        Tenore hartan, jaiki eta aldameneko gelara abiatuz, mementu batzu pasa zituen handik itzuli gabe. Itzultzerakoan, oso ongi zorroztutako labain bat zekarren eskuan, behatzekin ertza igurtzen zuela, begiez behatzen mogimendua segituz. Berriro ohean etzan, eta maindirea baztertu eta gero ohe-punta batetan pilatu zuen. Sansonen gorputza han geratu zen biluzik. Pare bat aldiz zakila laztandu ondoren piskanaka hasi zitzaion tente jartzen. Piskanaka ere, pubi-biloko iletxoak mozten hasi zitzaion Dalila, berak entzuna bait zuen noizen behin jaiotzen zirela horrelako indarrezko kasu bereziak, eta normalean ilean gordetzen zutela indar horren sekretoa. Oraindik ere tente zegoen zakila, baina zenbat eta ile gutxiago, gero eta biguinago ari zen ipintzen tresna tentekor hura. Lantxoa amaitu zuenean, eta arrakasta frogatzearren, ia lur jota zegoen dorre hura gorabeheraka astintzen hasi zen, baina inola ere ez zuen lortu berriz ere zutik ezartzea.

        Orduko irribarrea ez zen bortxatua izan iadanik, eta pentsatu zuen hurrengo gauean zakila tente jartzea ere izugarri kostatuko zitzaiola. Sabelpean apoiatu zuen burua, alai eta lasai.