Ipurtargi beltza
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
Josu Landa
1960, Altza
 
2002, nobela
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
aurkibidea
 

 

—6—

 

Egunoroko zitaren arkaitzetara iristen ari zen, eta haren ertz gogorrak izan zitezkeen itzal haiek ikusi zituenean, haietarantz zuzendu zuen bere itsasontziaren branka. Bihotza ere azkarrago hasi zitzaion taupadaka, eta urduri bere pipa igurtzen zuen bizar puntak gora eta behera mogituz. Berrogei unte itsasoan alde batetatik bestera ibili ondoren, arkitu egin zuen arkaitz miresgarri hura eta bere bizitzak erabateko jirabira eman zuen.

        Metro gutxi falta ziren, eta tartean zegoen lanbro finean barne ikusi zuen arkaitzaren gainean zegoela, beti bezala bere zain, bere sirena maitea. Bere bihotzeko sirena laztana.

        Itsasontziko aingura urperatu eta gero jauzi batez pasatu zen arkaitzera, eta berehala suertatu zen maitearen aldamenean. Inoiz baino ederragoa zegoela iruditu zitzaion, eta egun hartan hitzik leunen eta politenak esan zizkioten elkarri. Biok oso zoriontsu sentitu ziren arratsalde hartan elkarrekin pasa zituzten ordu labur haietan, eta beti bezala agurtzeko orena iritsia zen iadanik.

        — Agurtu beharrean gaude berriro ere —esan zion marinelak—, baina ez ahaztu datorren astean gure urtebetetzea izango dela, eta sorpresa bana prestatu behar dugula biok.

        Musu batez sinatu zuten agur itxaropentsua.

        Behin ere baino errezago pasa zitzaizkien aste hartako zazpi egunak, eta berriro elkarrekin bildu zirenean, haserako besarkada historia guztiko seinalerik amorosoena iruditu zitzaien. Sirenaren eskamak eta isatsa baino gauza distiratiagorik ez zuen inork ordurarte ikusi, eta marinelaren bizarrak, garbi eta apaindua, oihanetako landaretza birjina zirudien.

        — Begira —hasi zen sirena kutxa bat erakutsiz—, hain pobrea zarenez ez duzu dirurik piparako tabakoa erosteko, eta hori nolabait pairatzeko, nire ile hori eta luzeez piparako tabakoa egin dut.

        — Oi, zorigaitza! —esan zuen hasperen batez marinelak—; nik, berriz, pipa saldu eta zure ilerako diadema polit bat erosi dut —azkenerako malkoak ezin eutsiz.

        Negar bizian besarkatu ziren biok, eta orduantxe konprenitu zuten beren destinoaren absurdoa. Lehen eta azken aldiz jo zuten larrua, eta betirako separatu ziren.