Ipurtargi beltza
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
Josu Landa
1960, Altza
 
2002, nobela
Ipurtargi beltza
Josu Landa
irudiak: Joxemi Zumalabe
1983, poesia eta narrazioak
80 orrialde
84-300-9924-5
aurkibidea
 

 

—31—

 

Berak lohartzerik ez zuen arren, senarraren bizkarra aldamenean zeukan seko lotan. Honen zurrungek, gainera, are eta handiago bihurtzen zuten bere insomnioa.

        Bere insomniozko gauen gauzarik txarrena ez zen ezin loegite hori, baizik eta etzanda ere ezin zuela iraun; bera ez bait zen ohean etzanda eta zigarro bat ahoan esnatuta orduak eta orduak pasa zitzakeen horietakoa. Maindireak baztertu eta koltxoi bazterrean eseri ondoren etxeko oinetakoak jantzi zituen.

        Sukalderatuz gero, hozkailua zabaldu eta esnez bete zuen baso bat. Berriz itxi zuen eta itxitako atean apoiatu zuen bizkarra. Kamisoiaren gainetik pasa zuen eskua eta triparen inguruan laztan batzu zabaldu zituen.

        Bukatu gabeko esnea mahai gainean utzita, komunera joan zen eta handik segundu batzutara pizaren sonu likidoa aditu zen, etxe guztiaren bazterrak beteaz. Jarioaren azken oihartzuna galdu egin zenean, komuneko atea jiratu zen eta sukaldera berriro, edalontzian gelditzen zen esnea edanez.

        Hiru anaia zaharragoak etxetik aldeginak, etxean geratzen zen bakarra txikiena zen, eta haren gelako atea bultzatu zuen burua zirrikitutik sartuz. Leihoa erdi irekita zegoen, eta kanpoan zegoen ilargi betearen argiaz dena ikus zitekeen. Gela barnera sartu eta bizarrean eman zion potta amak. Ez zen esnatu; are gehiago, lo sakon batetan jarraitu zen.

        Lurrean zeuden jantziak oro, montoi batetan pilaturik. Banaka jaso eta tolestatuta alki gainean jarri zituen. Denen azpitik kartera eta giltzak azaldu ziren, eta erreflexu batek gidatuta, kartera ireki zuen, neska baten karnet-argazkia bistan zeta ikusiz.

        Leiho aldera gerturatuz, ilargiaren argitasunez baliatu zen argazkia ateraz azaldu ziren paperak irakurri ahal izateko. Maitasunezko eskutitzak ziren, eta mementu batez konprenitu zuen seme hura iadanik ez zela berea. Leihoan apoiatu zen, eta ilargia izan zen bere malkoen kontsolatzaile bakarra.