Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
ERAUNTSIEN BELDUR
berotze globalaren
eraginez edo
gidari noanean
atzerako ispilura joaten zait
begirada
eta inoizka
pasabide humanitarioak
zabaltzen dizkiot pentsamenduari
euritakoa jantzita oheratzen
direnetakoa naiz
justizia erauntsia noiz helduko:
borroka eta atseden eremuak
maitasunarentzat
adimenarentzat inguru bildu bat
atari zabalak eta
denbora doi
emana zaigun ikara
estu bridatzeko
teoria perfektuen aldamenean
zazpi bider ito naiz
arrain abisalen albaitero:
hau da nire ordua
hau da nire mundua diot
oraindik uda da paradisuan
negua hala ere aspaldi iritsi zen
gure etxeko hozkailura
batzuetan etortzen zait
neure aldiaren laguntzaz
bakardadea
txangurrua donostiar erara
bezainbesteko mainaz
landu dudala
eta etortzen zait halaber
munduan heriotza kausa
nagusi dirua dela
hura ondo banatzen
asmatuz gero ordea
apur bat ohartu gabe
apur bat ezjakin
hil samarturik eta
aldika
erdi zoriontsu
besteren aurpegi
eta gorputzetan
luze biziko garela denok
gauez errepidean
animalia batzuk
ikusten ditut
iluna hartzen
han hemen etzanda
eta beste erauntsi baten
beldurra etortzen zait...
baina zorionez hitzek
geurekin bidaiatzen dute
autoan goazenean