Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
AFARIA
mahaiaren biran hamahiru ginen
eta gailurrean josi gurutzearen besoak
dantzari baten aztalekin nahas nitzakeen
Golgota euskaldun bat itxuratzen
—behin bederen pertsona orok
behar luke itsutu adiskideen ekiaz—
eta gogoeta horri gehitu nion
kautelazko neurri gisa
iluntze hartan jainko hilak berpizteko prest ginela
eskerrak nori eman izateko
eta berretsia begitandu zitzaidan burutapen hori
afaltiarron ama zenduen baietzaz
kezka iturri zitzaigun gazteen edateko era
baratzeko malda leunean
pirrilaka abaildu zen argia
eta halatsu inor maite izateko indarra
—hemen gorputzak agintzen duela
eta joandako giharraren bekaitzak nioen—
sabela neukan piper gorriz enpo
intxaur arbola baten gaueko itzalpean
bokartak hozten ari ziren bitartean
—poesia ez da irauteko bide bakarra
badira bestelako herriak—
aukeratu beste egun bat
larunbatez ezinezko dira iraultzak:
matxinoak mozkortu egiten gara
ardoz egiaz edo sinesmenez
eta inor ez da egoten ontziak jaso
eta garbitu ondoren besterik gabe
irtenbide baikor bana zerbitzatzeko kikaran
—trabesa egingo nuke gure artetik inor jostekotan
gurutzean nor josiko zuketen asmatu baietz—
kafeak belztu hortzetan irakurri diot lagunari
merkatuaren eta bakardadearen fanatismoak
okupatu gorputzak garela
gauza ahantzien kontinentean
eta nahi gabe bezala zaharkin batzuk idoro ditut
nire hizkeraren galipotetan:
hogeita hamar txanpon damua eta urka-bilur bat
askorik pentsatzeke pinudian
gizon edo emakumerik abandonatu ote dudan
balizko guraso nagi baten bila
otoitz beranduan
mendi bidean behera Judas izutu baten pare
gidatzen dut autoa eta sortu zait
neurezko indarrak utzian lagata
maletategiko zorro eta poltsa hutsetan dakardala
oraintxe bertan daukadana, naizena:
zohargi hondar bat