Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

DEKLARAZIOA

 

 

nire gorputz honen

lautada bakan malkar ugari eta

haran itzaltsuetatik

—gogoa barne—

nire gorputzeko kale etorbide eta

bazter auzoetatik

—gogoa barne—

nire gorputz honen itsasontzi plaza eta

hegazkinen hangarretatik

diren eta inoiz izan daitezkeen

toki eta espazio guztietatik

bere ekaia edozein dela ere

—gogoa barne—

handikiro adierazi nahi dut

gaur ofizialki aitortzen

eta ofizialki onesten dudala

Kataluniako Errepublika

munduko nazio libre eta

estatu independente gisa

munduaren aitzinean eta

mundutar guztien agerian

 

eta hori jakinarazi eta agindu

dudala dagoeneko

nire gorputzak —gogoa barne—

bere gobernu pean dituen

edota ordezkaritza eta eskua duen

erakunde elkarte eta baltzu guztietan

eta egitate hori aintzat hartuz

jokatuko dudala uneoro

hemendik aitzina

 

eta indar izan dezan

gaurko egunarekin

izenpetu egiten dut deklarazio hau

 

gainera aurrekoaren

eranskin eta osagarri gisa

baina maila bereko

deklaratu nahi dut halaber

haren kontra erabilitako bortxa tarteko

edota nazioarteko aliantza politikek

edo aurreikusi gabeko bestelako

zeinahi gorabeherak horretaratuta

inoiz Kataluniako Errepublikari

premia sortzen bazaio

edo behartzen bada

gure etxean

Azpeitiko Enparan kaleko

20. zenbakiko 4A bizitzan

eskura eta prest duela 90 m²-ko egoitza bat

lau gela bi bainu eta sukaldea duena

behar duenerako balia dezan

eta horri gutxiegi edo desegoki iritziko balio

edo zernahi dela kausa ezinezko gertatuko balitz

aukera hori egikaritzea

deklaratzen dut baita ere

gisa horretako edo

antzeko eginkizunetarako gertu dudala

—gogoa barne— nire gorputza