Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

URRUMAK

 

 

ortziak argi indarrik gabe

utziko nauen zemairik ez denean

makina txikien programak izaten dira

goizetik gauzak egitera jartzen nautenak:

ez naiz neure hitzen jabe

eta diruz oparo ordainduta nago

otzantasun molde honen aldera

 

ibai bazterreko bidegorrian

gora edo behera natorrela

bost urteko ibileren oroimenak

zimikoa eragiten dit sasi eta hostoetan

txorien hegaldi lokartuan :

pausoa bizkortzen dut

neure aldiaren pendizari ihes egin guran

 

mitologia nabar nahasia ikasi dut erdizka:

zaharregia da historia hau

beste inor bizitzeko bertan

uherra da nire pentsamendua

gora herria! diot bakarrik nagoenean

eta plaza bete jenderen aitzinean

ozen esateko moduko

aldarri sinesgarri barik geratu naiz

 

izeba Juliari zahar-etxera eramateko

gereziak hezurra kenduta

eta opil bat inguratzea dut

gaurko jomuga politiko behinena:

eta poesiaren zera

eta egiaren ispiluak

eta beste paradisu baten promesaren jukutria

 

isiltasun uhinen pean

fosilduak ditut duela minutu erdiko

sentimendu eta gogoetak:

ikusten dudan begia

idazten dudan eskua joanak dira…

lerro arte honetan sartu naizenetik

hainbeste aldatu da guztia

 

gu kapitalaren frankizia izateak

urteetako jakituria

damu txikien pean dolutzea dakar

eta inoizka zorabio episodioren bat

baina ur berdeko meandroetan oraino

galdera heldugabeak erneko dira…

dirua hil osteko bizitzan sinesteko tresna bada

nondik erori ginen gu hona:

kutxa gotortu baten sabel barrutik edo

azoka egun on eterno bateko eldarniotik bestela