Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GRÜNENTHAL

 

 

pinuak atera berri mendi mazela aho odoldua da

lagunak diost gezurra dela egia-ostea

baina ezinago erreal eta benazko

diost aise igarotzen direla drogak dirua eta armak

kapitalaren xendetan baina jende pobrea ez

 

poza lozorroan gorde nahi dut

abandonuaren oldarra hel dakidanean

zeri oratu izateko:

zertarako nazioarteko epaitegiak

talidomidaren biktimei arrazoia ematen

txosten eta berankortasun neurtuz

zertarako belaunaldi galduek izozmendiak

eta glaziar urtuak negartu ditzaten besterik

 

gainpopulaturik dago gauza ahantzien kontinentea

hautsi egiten da munduaren ordena onestua

desarautze molde itsuagoen mesedetan:

izebagatik larrialdietara deitu genuen unean

gola sartu zuen Kevin Gameirok

eta Manu Garciak beste bat handik bi minutura

berdinketa tekniko egoeran bizi gara

oihan atlantiko baten muinean

 

zer xaboirekin kendu behar dut eskuetako kraka

edo beste auzo bat jasoko dute

orain gu gauden eremuan

eta komunitate berriak kanpatuko dira hemen,

absentziaren askaraino hurbildu zaidan lagunak diost

ea badakidan nola sartu zen ura koko barrura

zergatik dituzten Etiopiak eta Islandiak

horren hoskide indartsuak

ea badakidan Mercedes Sosaren ama

ala Lourdes Iriondorena izan zen lehenago

 

poesiaren iturrietara iritsi direnetatik

inor ez da itzuli

haiek konbokatzen dituztenei farmakoak ematen dizkiete

beste ekandu batzuetara lerra daitezen

edo prebentzio neurri gisa

eta ez da behin bakarrik gertatu:

diren guztiak egin ondoren

zazpigarren egunean

Jainkoak atseden hartu zuela ikasi genuen

ortziaren erdian begi handi bat utzita

 

gehiago ikusiko ez ditugunen esanak eta aipuak

berritzen ditu haizeak

guk giltzurrunetako harriak

atera nahi genizkion planetari

baina ebakuntza-mahaian geratu da

 

non da kausa galduen bulegoa

non da kausa berrien lurraldea

eta kaiola huts bat egongelan zeren metafora da