Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

JATORDUA

 

 

sarri hartzen dut zopa beroa

atsegin dut

gosea apaltzeaz bat

jartzen dizkit eskura

tresna samurrak

eskaintzen dizkit ahora

aspaldiko mundu bateko osagaiak

indarberritu egiten nau eta

narama oroimenen basora

 

zopa horretan

ageri ohi dira izarrak

ageri ohi dira hizkiak

abestien usain sakonak

 

ausaz

nahi gabe bezala

inoiz jakinminak

zoparen barrunbeak

arakatzera nakar

eta tarteka

goiburu asaldagarriak

jazoera latzen oihartzunak

lore sortak

eta ohol lehertuak

gogoeta itunak

naufragio hondarrak

kitzikatzen ditut

koilara muturraz

eta noizbait

itotako jendea

aurkitu izan dut

nire plater ertzean

beso oinak zabal

izarrak bezala

euren hitz solteak

galderak

barreiaturik

nire gogoaren haitz artean

 

orduan nire zopa hori

eskaini nahi izaten diot

ni bezala oharkabean

edo ekin gabe

bizi denari

berotu dakion odola

pittin bat

apur bat haserre dadin

bat egin dezagun

bizi garen munduarekin

bost minutuz behintzat,

eta gero ekin

 

eskatzen dudan bakarra da

zopa ez dakidala

hoztu sobera

abesti hautsiak

eta izarrak

itotako jendea

bertan den artean

ez dakigula hoztu

egunero jaten dugun zopa

eta ni bezala oharkabean

edo ekin gabe

bizi denari

berotu dakion odola

pittin bat

apur bat haserre dadin

bat egin dezagun

bizi garen munduarekin

bost minutuz behintzat,

eta gero ekin

plater bat hausteko sikiera