Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
ATEAK
mintzoa lokaztu eta irain bihurtu da
gizon-emakume izateko ardura eta premia
gupida imintzioak irain bihurtu dira
baita txorien izenak ere kafe ordu lasaietan:
etxetik gertu entzun nuen estreina
ihesaren musika,
20. mendea zen
gaur nahi beste ireki ditu ortziak uhateak
eta sare artean jendea arrantzatu dute itsasoan,
denbora esaten diogu
baina dirua da bihotza higatzen diguna
harea ekaitzei deika hasten naiz
damu itxura barregarrian
izotz erauntsiak konbokatzen ditut
jar daitezen gurera begira
eta biluzik paratzen naiz
hitzek estalitako beldurraren
puntu geodesikoan:
ipar haize beltzak erre nazala
hanpatuki eskatzen dut jan nazala kresalak
lot ditzala isiltasunak nire ahotsaren sokak
azken erasiaren kapsula hortzoietan gordeta
batzuen eskuetara labaintzen dira
bestek jasotako palazioko giltzak
egunkariak hartu eta
lagun giro atsegineko orri pasan
gudu zelaien etorkizuna iragartzen da
lau koloretan emana
kasinoak edo parkeak ikusten dira
lubaki izandako orubeetan:
guk diogu denboraren lana izan dela
etxeko atea bi buelta emanda giltzatzen dut
gero luze sehaskatzen dit iluna
kanpoan utzi dudanaren marrumak
ordea beti heldu izan da gaurdaino
hurrengo eguna gurera
garaileen leinuru printzak
atoan dakartzala:
denbora izan dela esaten dut baina
bihotza higatzen didana beste zerbait da
eta gauero ahazteke itzaltzen ditut
paradisuko argiak