Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
LURRAREN DARDARA SOINEAN
nor jarriko zenuke ondoan
inork nahi ez zaituenean
nori azalduko zenizkioke
bele batek
argindar kable gainean
sortzen dizkizun aieruak,
ibaiko harriak noren ekinaren
edo oinazearen ordain diren
nortzuen urdailetan higatuz
egin diren hareazko mendiak
eta horrekin guztiarekin zelako
proiektu egitasmo programa
era daitekeen
bi pertsonatik gorako
jendarte batean
nire hotz dardara
kresala mediterraneoaren
luzapena ote
nire hitzen meatzaritzak
badu erantzukitik
ezinaren alboko bulego batetik
datorrelako ustean,
keinuetara jotzen dut
beldurrak edo pozak
barrena hartzen didatenean
nor izango zenuke lanerako
ia hutsik denean kalea
nor gogoan
zigarroa erretzen
nekez doanaren alboan
maleta pisuen garraioan
nor jendea jagoteko
polizia gabeko paisaia batean
nor izango zenuke etxean
nor hartuko sukaldean
nor errezel atzetik
neguari so
nola osatuko zenuke bizitza
egon ere ez dagoen jendez
izan baden
baina egon ez dagoen jendez
ahaztu dituzunekin herri bat
osatzen ari bazina bezala
agian halako batean
zuri ere
beste askori legean
haziko zaizkizu hortzak
ilearen artean
begiak sutan
bekainak sarritu eta
ahoa handituko zaizu
lurra sumatuko duzu
oinen azpian urtzen
eta bakardadea erruz
hedatzen,
hurbileko asko
nola galtzen den
dolutuko zaizu eta
bihotza fruitu siku gisa miretsi
herri sarrerako
erakusleihoetan
lurra sumatuko duzu
oinen pean tantaka
eta agian
bekainak sarritu
ahoa handitu
eta haziko zaizkizu hortzak
ilearen artean
eta begiak sutan
naturaz gaindiko
izaki zerbait
bilakatu zarela
etorriko zaizu
beharbada
inoizko batean
baina egizu kontu
zu ere
zure aurretik
beste asko bezala
azken aurreko gizaki
bihurtzear
egon zaitezkeela,
jada zu zeu
eta ispilu barrutik
begira duzuna
soilik zaudetela
eta hurrena agian
zu zeu gabe ere
gera zaitezkeela…
eta zuk nor jarriko zenuke zure ondoan
harriak mendiak eta argindar kableak
beste inor ez dagoenean