Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
HAITZ ARTEAN
olagarroen zuloen
nostalgiaz bezala
datoz laburtzen egunak,
hutsa beharko
dudala dirudi
bide bazterrean
hartu bi harri
elkarri talka eragin
eta pindar batek
gauzen izena
berriro erne dezan
estreinako su harekin
ni ere eleberri bateko
orri artetik bezala
jalgiko naiz bihar,
nahasiegi
nor naizen galdetzeko
baina hala ere
ernatze lauso horretan
irauteko gogoz,
ezagun ez zaizkidan
tokiak eta orduak
entzun gabeko hotsen
itzalak hartuko nau
zeru uher bat
eta odolak aspaldi
berotu gabeko
gorputz atalak
idoroko ditut
neure baitan
eta sastakaiak
legezko berbak
esateko dagoen
jendea
hor han
nor da gai
lurraren
lehen egun haren
uberaren
biharamunari
milioika urteko
atzerapenez
aurre egiteko
farmakoen
sindikatu nahiz
gerra ministerio baten
bermerik gabe
azkenera bidean
da uda
abandonu
kalkulatuekin
albo-kalte
itzuri ezinez
norbere paradisuak
beste inoren infernu gaitzez
kitatzen direla jakinda
eta orain
itsas hegian
isiltasun lirikoan
dantzari lotsatu
baten antzera
txiri-txiri
doa eguzkia
bere amagana
zortzi garroekin
eta hiru bihotzez,
bat-batean
gure ama
aurten hil dela
akordura ekarri
izan balu bezala
absentziaren mihisean opari
ilun arrasto beroak utzirik