Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
DIRUA LEGE
hatzak klaskatzen baditugu
entzun bedi urrun galduetako mendi batean gauez
eta belarri atzean ilunarekin sumatu
euli saldoen elitroen fereka
—zaila behar du antipodak jo eta
norbere bizkarrari hitz egiteak—
argi hildu batek biltzen gaitu
kontu gozo-minak esanda
abandonutik gordez
denbora gorputzetan hartzitu eta
ortzia aldiro garbitzen den arbela da:
ondoz ondoan jarri edo egokitu arren
inor gutxi akordatzen da
elkarren aldamenean posatutako argazkiez
ederra izango da inoren oharkabean
igarotzen jakitea
larrialdietako boxetan
espanturik gabe itzaltzea
su onak bezala
dolu idazkietan lelo kroskodunak datoz azalera:
gora egin zuten inoiz
zahardade bakeoso baten errezelek limurtuta
itxaron ezin izan zutenek
eta bizitzaren zoruaren aurka lehertu dira
ez da hautu bat gizonezkoa izatea
edo bai
ez da hautu bat beharra, lana
edo bai:
badago nahikoa ogi denontzat
ez aski gupida ordea
ez aski lotsa
—lagun hurkoa ahozabalik edukitzeko
ez da nahitaez dentista izan behar—
ogia baino errazago egiten da dirua
besterik dira maitasunaren legeak-eta,
gu hona sortu aurretxoan
ogirik ez zen beste munduan
—non eta ezmemoria hau ez den ezerezaren hazkurri—
bizitzak tori eta tati egiten badigu
hor izango da edo bideko garraioa
—Joao Pires Olano Salvesen—
edo ozeanoaren marruma
edo hodei arteko hostajea
joko-etxeen bankuen eta elizen
porrot orokorraren aski alternatiba sinesgarri gisa
ilunabarreko katilu hondotik
oraintxe eratzen eta desegiten hurrena
eta tarteka uhuri egingo dugu zeri jakin gabe
paradisu elurtuko otsoek bezala