Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
SUGANDILAK ELURRETAN
Zelai Luzeko platanoen artean
ekiak uda alde zuenean
eguteran arratsero eratzen zen
umez tartekatu zaharren egoitza bat:
belar luzearen gainean etzan
eta gorputz-ertz arrastoei begira
egoten ginen jaikitakoan
haurren herra
aise errotu zen gugan
Gaztelatik iritsi berriek
espazio ukatu bat galdatzen zutelako
kaleko josteten mapa eta planoetan
eta mintzo ziren erdaraz
geure familiako askoren legean
diruan irarritako hazpegiak
guri min egiteko zeuden han
izeba zaharrak baina
txanpon zigilu galaraziak
—Euzkadikoak—
jarri zizkigun eskura
gaztak sabaitik zintzilik zituen gelan
eta bekatuak neurtzeko gailua
induljentzia liburua zela esan
gaztaina-oholezko zoruari
argizaria eman
eta iruntzi-erratzez
garbitzen ziren etxeak…
gero turbinatik gertu
hilko zuten guardia zibilak
oker begiratzen gintuela
igarri nuen aitaren ondoan
erlojuen omatidioez inguratuta
loa nire ohetik labainka
hasi zen garaian
uda haiek guztiak
negu aurpegiko
jendez mukuru
datozkit gainera:
bahituran utzia
izan banindute bezala
denek nahi diote ekin
aztarka nire gorputzean
usnaka uxarka ezpainka
hatzen braille sotilez
edo barruko mamian
azazkalak luze
bizi izandakoen
lagin sinesgarrien peskizan
beranduegi dirudi orain
atzeraka lo egiten ikasi
eta behialako uda galduak
orduan jartzeko
puskaz ez garenak ere bagarenez ordea
osatzeko dauden sukalde eta atarietan
neure hitzen
oinen gainean zutik
froga eztabaidaezin gisa
beti erakuts dezaket gorputz hau
berriz behar duenak habitatzeko prest
inori ukatutako espazioetan