Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
KANIBAL
apalategiko Cola Cao potoetan behargin beltzak
ageri dira kakaoa garraio
eta gomuten sasitzara ohiltzen naute irudiok:
Biokon bizi zen gure osaba zaharraren kapelu hegal zabala
haren betaurreko irisatuak haren hizketa modua
eta auto alemaniarra etortzen zaizkit
egun jaten dudana bozkatzen dudana
erosten dudana hausnarrera ekarri eta
zetaka moral batek lurrindua bezala ageri zait:
kolono kume bat haur denboran
igaro zen aldi hura
neguak bata bestearen gainean joan ziren zamalka
eta hemengo borrokek ere eragin zuten
eztanda demografiko txikia paradisuan
abagune ezin hobea omen zen orubeak erosteko:
aire girotua oxigenoa baino inportanteagoa da
led argiak eguzkia baino
Jeanne Moreau eta Eduardo Galeano gabe
bizitzen ikasi behar den aro honetan
gaur egun horizonte laburragoa dute enpresek
horrek ondorioak ditu maitasunean eta bozetan:
planeta ehun bider suntsitzeko
indarra dago egia-ostearen armategietan
eta egunero hiru-lau sagar jatea
edo banku publiko batean esertzea
kakaoaren jainko zuriari desafio egitea dirudi
kapitalismo iazkotua laidotu guran
eta disoluzioa gogoan, ez ditut ausaz baizik aipatu nahi
Little Boy eta Fat Man obus-izarrak
orain dena errazagoa da
bai oroitu ez duguna ahaztea
bai ahaztu nahi genukeena akordura etortzea
hamar gauza batera egin nahi genituzke
okerrak zuzendu eta beste zotin batzuk atera mendeari
baina egundaino ondo egiten dakidan bakarra
purrustada artean astiro zahartzea da:
mendeetan hormatuta gorde direnak
ozeanora daramatza berotze globalak
zein argi ikusten den hemendik bizitzaren pendiza