Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
HAIZE LEHOR BAT
orube garbitu berri baten antzera
begiratzen diot inoren bakardadeari leihotik
muxiken lurrinak ferekatutako airean
lurra mugitu egiten da
piano teklen artean bizi bagina bezala,
halako batean baina iristen da loa
lupetza abisaletan
gatzontziko arroz aleak nola
nire pentsamenduak hezetasuna xurgatzen du
bakeari herrari amodioari kentzen die bustia:
behiala arnasari eutsiz
erori ginen disoluzio honen erdian
bestelako opari baten zain agian
hainbeste dantzarirekin lotuan egitear
albistegiaren aitzinean
aukera hobegarriak datozkit burura:
banketxe bat zure oin-arrastoen xerka badabil
zer egin jakitea
zelan palagatu polizia suminduak
edo hienen malkoen sommelier izateko ikasi
nago gezurrak beste erretzen dituenean begiak
euriak hotzak goseak
haustura sozialaren salbamendu oholari eustea
gaurkoa historiaren lekedaz
ito nahi izateko era bat dela
sugeak lo diren urte sasoian aizkorak gorestea
alferrik hil omen zirenez hitz egitea
intxaur hautsi artean
epailearen mailuz ebatziko bailitz
bizitzearen edo hiltzearen afera
nire pentsamenduak
hezetasuna xurgatzeko ahala beretu du
neguko ilunabarretan frogatua dut:
jendea bere burua
beste nonbait jarri nahian hasten denean
edo ni neu nazio berri baten aldarrian tinko
neure baitako desertu txikian
aurrera banator oinazpi kiskaliekin
orainaldi urrun hau ez beste bazterrak
aurreikusteko ezain
denborak gauza gehienak higatzen ditu
ez akordua eta ederra soilik
merkatuaren putzuan igeri
klase kidetza berrien xerka
mendeak emango ditut palazioak jasoz
hondar gainean
eta bakardade hedakor hau
nortasunaren eraikitze sozial gisa berretsiko dut:
isolamenduaren sokatik badarik ere
mundu honi lotuta segi