Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

GIDARI

 

 

arra beteko arrainak

imajinatzen ditut

fabrikako sabai gainean

arrain grisak gorriak

nabarrak irudikatzen ditut,

urrunetik begira

neure zainen barruan

kilima urdurian

sentitzen ditut:

gutxiago edan

beharko nuke

garbiago jan

 

sarri igaro izan gara

bide honetan

zubi-bideko zutabe

erdi jasoen azpian

harritzar laukizuzenak

garabien mokoan

maite zintudan bat

bezain durduzagarri

airean,

arrain kubistak

noiz gainera jausi

eta zapuztuko

gure kaskezurraz bat

mundu honen

mentsak

 

ibai bazterrotan

plastiko piltzarrak dira

iluna izutzen duten mamuak

autoko giltza

arrain bat herioan da

patrika zolan:

hemendik

alde egin nahi nuke

baina nabilen

nagoen

naizen

toki guztietan

neu nago

neure jainko soil

neu bainintz

eta ni neu orobat

sinesmen gabeko

jainkozale bakar

 

esku ahurreko

marretan habiak

hegalak ezkatak

zakatzak

polder erori eta

amodio-iknofosilak

irakur nitzake

Soraluze eta

Bergara artean

aienatu egin zait

berriro

arrain izateko gogoa:

etxera joan eta

ur hauen kristal

basituaz hara

abegia egingo didan

norbait aurkitzea da

nire esperantza

hainbeste ahalegin eta

borroka

hainbeste gerra eta

desamodio

historian zehar

honetarako…

geratzen den guztia

hustasun burges hau ote da:

gutxiago edan

beharko nuke

garbiago jan

autoa utzi

neure baitatik atera

jendea ezagutzen saiatu

giltzak errekara jaurti