Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
HERRERA ABUZTUAN
—I—
itsaso lehor bat darama hara doanak
eta auto bizkorretan itxaropena
ohar bat laburra gogoan erraz gordetzekoa
jendetasun doia
gatzeztatutako sumin arrastoekin
eta kulparen isilpeko pilula
zer gerta ere
txatxarrak landu hagineko zuloan beti
gauez tapaki granatez babesten dut
zeru burges txiki baten puska
ama zenak logelako aulkian
fereken lurrinez utzi zuena
agiri ahantzi bat bezala
oinordetzan jaso nezan…
hautsak hartutako egunsenti abaildu batek
iratzartzen gaitu biziraun beharraren ardurak
itsututako eulien ondoan
gero humanitatearen garaipen gaitza dator:
gosaria Manzanaresko Menano ostatuan
—II—
lurraren zaunka urrunak
berdintsu zeharkatzen ditu kale bilbatuak
errezel lisatuak eta zimurrak
eguzkitako betaurrekoak
batzuk animalia izutuen uhuri dirudite
batzuk lagun bila dabiltzan hildakoenak dira
beste asko antzeman ahal ez den zerbaiten branka
zaindarien atorrak eta jakak
konstelazioetara proiektatzen dira
morse hipnotiko hau has dadin ulertzen
izar artean bizidunik bada
—III—
aldatu egiten da haizea
horma batetik bestera
klimaren elementuak animaliak
hitz egiteko manerak
lo hartzeko posturak borrokak
aldatu egiten dira
eguzki orduak
lurraren osaera ukimena:
eskolak ezin du konpondu dena
hala eraikitzen dira nasak
izarrak planetak
sakelan edo leiho ertzean gorde eta
behar dugunean mugitzeko
hatzen artean igurtziz
argizagiak eta oroimena
jende izukaitza da
porlanez eta hareaz jaso denbora aleetan
hautazko nahiz ausazko patuz
etxean balitz bezala
biluzten dena historiaren aitzinean:
eskolak ezin du azaldu dena
horma baten alde banatan
erdibitu egiten dira gauzak:
pertsona asko puska baten
edo gehiagoren faltan
—bai beso bat bai laguna—
osatu gabe bezala bizi da
inon errotu ezinik
aldiro birlandatua
izar usoek hartuko dute errepidea
itzulera hozminen itsuaurreko:
alboan hiriak erbi loan dira
kardo loreak…
bere baitan hortzak berritu eta
beste hertsiagoaren isla den
karpa ilun baten olana pean
—IV—
esmerila
errotarria
daratulua
lurra
bira bakoitzean
gosetzenago gauzen muinarekin
hezur eta mami
denboraren bike autokritikoan tinko zindo zintzo
sena xehatzeraino:
itsas zirku bateko animaliak
deshidratazioaren mugan
zelai eta eraikinak
masiboki inguratzen
beste mundu baten xerka abiatu ziren
beste mende batean jausi ziren:
han daude orain