Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

MURMURIOEN JAUREGIA

 

 

agiri artetik erauzita

eskuetan aspaldiko mapa bat daukat

begirada suharrek maiztutako orri gainetik

pasatzen dut hatza:

jendea dabilela barrundatzen dut

muga lerroen marretan

amatatzea ahaztutako argi batek

sukalde bat erakusten du urrunean

 

joanak diren txorien hegadak

hartzen du airea

jada ez daudenen ekinbideak

gorputzak promesak

laino itsuan proiektatzen dira

papereko koipe orbanak

etorkizunerantz narama

gailur baten izena ezabatu da

hango haizea hango harrien hatsa…

neuretzat gorde ditut

esaten ez dakizkidanak:

mapa hiztuna da

 

herri desagertu baten

bilaketa antolatua

kezka jarioago ez ote da hilobien aurrean

agur dantza bat egitea baino

eta izenik irabazi ez duten

herrien ezlekuetan barrena

naramate hatzek berdetik horira

idatzi gabeko historian jarria burua

 

lautan tolestu mapa eta banoa zugana

euriak bustitzen ditu kaleak

hor diren pertsonen printzipioak

deklarazioak irritsak

gorputzak nazioak:

tristura ezinduari harrika ematen

entseatzen da poesia baina

muga arte koloreztatu horietan

margo gorritik urdinerako gaman

zauritua edo hila

jendea suertatzen da

zauritua eta hila

jendea gertatzen da beti

gero otea eta haurrak hazten dira berriz

haran eta zelaietan ausazko musika eta errimaz

 

atzeko patrikan sartuta daramat mapa

baina gogora iristen zaizkit

aldarri ozenak eta

bulkada aunitzen taupadak

lasterka hotsak eta

diskrezioa agintzen duten ahotsak…

gero zure aurrean biluztuko naiz

eta erakutsiko dizkizut

jende ilarak dendak portuak

neure larruan itsatsiak ditudan mapak

eta bilatuko ditut zureak

hala bidera ditzagun

kontinentez besteko lankidetza planak

kultura arteko aliantzak

pasabide humanitarioak…

 

maiz bakarreko mentsen sendagarri

suertatu ohi dira mapak eta

pertsonen arteko enkontru kartografikoak