UHARTEAK I
Ez dakit nor naizen,
non nagoen ere
ahaztu egiten zait batzuetan.
Begiak zabaldu eta
badia hutsa
kausitzean oroitzen dut:
hemen nago oraindik.
Negu partean
ateratzen dituzte ontzi guztiak
uretatik, auskalo
non gordetzeko. Udako eguzkitan
hondartzatik uharterantz
luzatzen diren kate
zuriak ikusten dira.
Haizea alde duten aldiro
urrunera abiatzen diren belaontziak
bereizten dira,
badia betetzen duten
kate zurietan euren lekua
hartzera urrunetik bueltan datozenak.