ERAKUSLEIHOA
elkarren ondoan eserita
abisala da bion arteko amildegia
arnasa har dezakezu
eta edaten jarraitzen dut
elkarri begira
ulertzen ez dudan hizkuntza batean
hitz egin didazu
elkarrekin biziko ez dugun
garai urrunaz
elkarrekin goaz
eskaileretan gora
korrika ihesean
edaten jarraitzen duzu eta
arnasa har dezaket
lurrean botata aurkitu dugun gaztea
lepoan hartuta zeharkatu dugu hiria
berpiztu dezaten etzan dugu anbulantzian
mapa eta guzti azaldu dizut
ez naizela hemengoa
isiltzeko esan didazu
kontzertua hastera doa
handik hona zatozte
arnasa hartzen abesten
edaten eman ditugu orduak
euritik babesteko aroztegi baten
erakusleihoaren aterpean
hemendik goitik
hain txiki ikusten da gainontzekoa
non handiagoa den senti daitekeen poza
proportzionalki garestiagoa kafea
munduaren beste punta ere
kabitzen da nire apetan
bizitza hori konta dezakeen ahotsa
alkoholetan bustita
lauso ikusten da goiza