RAYMONDE
noiztik ez ote da
zeru honetan
izarrik piztu
zohardi diozu
estaltzen gaituen
izara gris zikin
zahar bat besterik
ez dakusat
aspaldi suizidatu zinen
Jon Mirande
Raymonderen bila
aritu naiz
esan didate aspaldi
zahartu zela eta
bakarrik zendu
historiak ahantzita
geroztik ez duela
inork izarrik ikusi
ardorik isuri
mahastirik kausitu
kale zikin hauetan
Raymonde aspaldi
zendu zela
zu bezala
Pigalleko
ardotan itotako
agure okaztagarrien
uste lizunetan
euskarazko poema
aurkiezinetan bizi dela
ezkutuan
norbaitek kausitu zain
topatzen duten aldiro
agurtzen duela zure partez
izar batzuk ematen
dituela eskura
baina isiltzeko
aspaldi zendu zela
ez esateko inori
nora joan bere bila
mahasti artean
etxera bidean
galdu eta lagunen
atzetik herrenka
Pigalleko
ate argitsu batetik
sartuta ustekabean
aurkitu dut Raymonde
itzalen ezkutuan
gazteegia naizela
esan dit ez dudala
izarrik merezi
bera ez dagoela
inoren zain
zain egon gabe ere
posible dela bizitzea
emazkiozu gure partez
goraintziak aspaldi
izarrik piztu ez den zeru
grisean galtzen zarelarik