SUKALDEA
saguak dabiltza gauez
txistu doinuak egunez
egunaren eta gauaren artean
gurea da sukaldea
elkar ikusi gabe ahal bada
txistulariak lo eta saguak gordeta
geure janaria geure armairutik atera
geure bazkaria egin eta jan ostean
geure geletara itzultzen gara
bi egunetan bertatik ez ateratzeko
okasioetarako elkartzen gara
arbel zurian iragarritako hitzorduetan
derrigorrean besapean botila batekin
batzuk arduratzen dira oilasko erreaz
gainontzekoak jateaz eta edateaz
mahai handia birtualki zatikatzen da orduan
ukrainar vodka finaren inguruan batzuk
pastis eta garagardo artean besteak
euskaldunak frantsesez eta frantsesdunak isilik
mahaia zeharkatzen du begirada batek
noizbehinka mugikorren pantailak itzaltzen dira
zikintzearen eta garbitzearen
arteko dialektikan
aurrera doa erlojua
diskotekara abiatzeko tenorea
heldu bitartean
zain egotea baino gehiago da
orduak zentzuz hustea