GOIZEKO TURISTA
zortziak eta hogeiko hegazkinak
arrasto harro arrosa dakar sartalderantz
hodei maluta margulen kantoian aurrera
txoriak eder irizten ez dio bere hegadari
gauzen izena jakiteke idazten dut
tranpa zuloko gillotinan itota
aurkitu dut lantokian sagu bat
arbola soilduek otoitz dantzarian
agurtu naute ahots baten eske
gauzen izena jakin gabe idazten dut
gure umetan ere nostalgia banatzen ziguten
ur ardoarekin orain bezalaxe
irentsi egingo nuke ortzi hau balitz edangarri:
begiak hantu garunak erre leher dakidala gibela
zer esanen dio bere herriak mende laurden
preso eman duen bizilagun itzuli berriari:
ausaz zeren kausaz jausi zen behiala
urteen eiheraren tobera begitik behera
zer den sasoiz kanpo loratu beharra
besteren lekuan besteren kontzientzia
onaren soroetatik landa
ausaz eskatuko zaio mugi dadila kontuz
apurtu gabe etxeko kinkila
gauzen izena ez dakidalarik idazten dut
gauzen muina ezagutu gabe
makila lagun paseatzen nintzen lehen
bideko zakurren beldur
—haizea zakur
uharri hondarrak zakur
nire lau oinak zakur—
makila eskuan nabil egun
neure itzala gainera badatorkit defenditzeko
harresiko harri batek besteari bezala
begiratzen diot datorkeen denborari
goizero-goizero janzten dugu geure ama
gertatzen ari direnen gainetik azpitik alboetatik
ageri den kresala apartsuarena jokatuz
nekizkien gauzen izenak
ahazten ditudala idazten ari naiz eta
zer ahazten dudan ahazteak arranguratzen nau
arrasto harro arrosa geratu da sartaldean
begiak hantu garunak erre leher dakidala gibela...
eta hemen ni
egunaren karelaren gainean jarrita
hankak dingilizka
etorkizunaren zain nago