OSTENDUON MINTZOA
Joxean Lasa eta Joxi Zabalari
zenbat orduz zenbat egunez
ostendu ginen
noizko ezkutalariak gara
gaur hemen agertu garenak
noizko desagertuak dira
bila gabiltzanak...
zein erbik zein eper izutuk
ekarri ditu honaino
duela 29 urteko ehiztariaren pausoak:
haizeak badu akordurik
orduko ahotsak badira gaurkoen kide
irratiz mintzo direnean...
non geunden orduan baina
non gaude hemen gaudenean
inoiz izan al ginen han
eta noiz gaude orain
ostendu ginenok
ba al genekien nondik
ba al genekien noiztik gordetzen ginen
zer pentagrama osatzen dute
esaten ausartzen ez garen horiek guztiek
orduko haizeak
gaur egungo hostoak zafratzen ditu itsas aurrean
inork behar izan gintuenean ordea
beti ez geneukan gerturik odola
eta batzuetan kosta egiten zaigu orain
kausa ederren alde hitza ateratzen
ezin izaten dugu lotsa izpi bat gabe
ogia besapean ekarri
ahora eman behar zaigu edateko ura
ez dakigu izapideak eta denbora ondo nola bete
urteotan guztiotan
epeka ostendu izan garenok
zerk jarriko gaitu orain herrira bidean
nola aurkituko dugu etxeko sua
zer txara artetan jaikitzen da dolu kantua...
noizbait itxiko da heroien aldi hau
jendea elkarren ondoan biziko gara
eta arrapostu emango diogu
luze armairu zokoan utzitako arrazoi sailari:
garena eta ez garena agerian jartzeko
tenorea helduko zen agian
daukaguna eta ez daukaguna
erakusteko ordua
bestela zerk jarriko gaitu herrira bidean
non aurkituko dugu etxeko sua
nola igarri zer txara artetan jaiki den dolu kantua
seguru asko desagertu dena izango da
desagertu dela ez dakien bakarra
seguru asko ezkutatu dena da
aro bat amaitu dela jabetzen azkena...
zein gerlatan desagertu ziren
zein gelatan ostendu ginen gu