GORDETZEKOAK
urteotan guztiotan bizi izan dugunaren
testigantzak gordeko dira
agiriak erregistroak oin oharrak
inoiz atzokoa eta gaurkoa
izan zirela jakin dadin eta
egunok gu bezalako jendeak
bizi izan zituela ikas dezan
oraindik mamitu gabeko orainak
pauso txikian igarotzen genituen
sasoi bateko laborri arteko geltokiak
—nola Ezkaba nola Miranda nola Gürs—
eta gerokoak...
bazirela igande arratsak
banketxeen bulegoen aurretik paseatzen
ematen zituztenak
diruaren demokrazia amets
—nola lurra nola libertatea—
baziren porrot egiten zuten maitasunak
pertsona zangopilatuak
hiltzen uzten ziren mintzoak
—nola harriak nola zuhaitzak—
eta balek inoren lokiak zulatzen zituzten unean
eta hebaindutako gorpuen aitzinean
artean ia dena konpon zitekeela uste genuela