PUNPAKA
erditik aurrera irakurtzen hasitako
liburu bat bezala ezagutu nahi zintuzket
lehen erdiko orriak bilatu
edo zeuk azaldu
basa artean edo sasitzan aurkitu
eta falta diren pasarteak asmatu
edo beste aldaera batean esan
txango luzeak egin eta nire gogoa
Mantxako mortuan barrena hegalari dabilenean
naizena baino gehiago naizen ilusioak hartzen nau
zauri guztiak direla sendagarri
ez dagoela osatu ez daitekeen testurik
ez higa ez daitekeen harririk
autobidean aurreratzen gaituzten
autoetako gidarien albokoak hainbat
banaizelako ilusioak hartzen nau
eta neuregan zaramatzadala iruditzen zait
ilunabar gorrantza hedakorrean
eta une eterno batez itsu-itsuan sinesten dut
kartzelazainen papar iletsu likina gabe
eta presoen bisita galaraziengatik ez balitz
ezinezkoa litzatekeela munduan edertasuna