EURIA
gaur euri txikia egingo duela
esan zuten atzo
hala ere balizko aukeren tankera hartu nahi diot egunari
zer dakarren baieztatu neure begiz
azken orduko iragarpenak entzun aurretik
gaur bero zakarra egingo du istripua egingo du
ahazmena egingo du eta gose lanbroa egingo du
gaur isiltasun lapatxa egingo du
samin bisutsa eta maitasun jasak egingo ditu
gaur arropa maiztua egingo du
gaur kontratu eteteak eta arbuioa egingo ditu
gaur errepide luzeak balak eta debekuak egingo ditu
gaur hotz hezea egingo du
bota ahalean egunkari malutak eta
izerdi palastak egingo ditu beldurra egingo du
gaur jendea zarra-zarra egingo du
eta leihotik ikusten dudanez
euria ere ari du