HURRE
beti gertatu izan naiz jazoera larrien lekutik hurre
ez nuen sekula pistolarik eskura bildu
ez nuen egundo jomugarik zelatatu
baina ez nenbilen handik urrun
banekien orotariko biktimen faktoria ginela
albo kaltetuak eta zuzenekoak
beti gertatu izan naiz jazoera larrien lekutik hurre
ez nintzen inoren heriotzarekin poztu inoiz
baina behin edo behin
mendeku nahiak sehaskatu izan nau gozo
zuritu izan ditut erdizka
taktika okerrak estrategia makurren itzalean
laster dena konponduko zelakoari
ezinbestekotzat nuen borroka eta minaren
hierarkia baten sakadei amore emanda...
ez nuen inoiz torturarik nozitu eta
bisitetatik soilik ezagutu nituen espetxeak
poliziak ere ez ninduen esetsi
nerabe nintzen goiz argitsu batean baino
beti gertatu izan naiz jazoera larrien lekutik hurre
auzo herrietan agitu dira
berrogei urtez gure historia urratu dutenak
edo geure etxe ondoan
baina asteka edo hilabeteka sailkatuta ere
egun asko egiten dute berrogei urte artekoek
eta ibili-ibilian ohitu egiten zara (gaizki)...
beti hitz egin izan dut gertukoez
nahiz askotan neuk nahi bezain aratz
mintzatzeko entendimentu eta adore aski izan ez
orain badakit
niretzat egin izan dira hainbeste hileta
niri eskainiak ziren galdeketa suntsigarri haiek
kontrol eta hilketa guztiak niri begira antolatu ziren
eta nigan jarritako igurikapenei zaputz egin diedan arren
hor egon izan naiz beti
indar handiko drama eta komedia txiki askotatik gertu bai
baina bertan-bertan ere ez
neure historiaren zero gunean