IRITSIKO DA EGUNA
iritsi da gure gaurko eguna
iritsi da gure gaurko aldia
suerteko eta zorioneko gara
eta orain laino mugan ikusi ahal den
bide zabal hori pagatu duten guztiekin zordun gara:
zubiak kaleak etxeak hor badaude
sukaldeak arropak kantuak hor badira
hango eta hemengo jende askok
gure aurretik horretan jardun duelako da
horregatik daukagu eskura
hainbeste ondare eta hainbeste ardura
hau da gure gaurko aldia
hau da gure gaurko eguna
eta lehen beste hainbatetan gertatu bezala
berriz ekibokatzen bagara
jendartearen seinaleak
kafe hondarrak
edo txorien hegaldiak
gaizki irakurtzen baditugu
agian azken aukera izango da
baina ez diogu beldurrik
beste behin erratu eta porrot egiteari
ezin baitugu
asmatzeko aukerarik txikiena joaten utzi
gaurko hau gure azken ekina gertatuko balitz ere
ezin baitugu irabazteko aukerarik galdu
iritsi da gure gaurko eguna
gure aldi da
honaino ekarri gaituzten
erabaki zuzen eta eskuzabalak ditugu begira
egin ditugun makur eta injustiziak:
hainbeste bazterketa bidegabe izan dira
hainbeste hildakoak eta arima hautsiak...
larri kolpatutako denbora batean bizi gara oraindik
larri zauritutako denbora batean
baina badakigu honek behar duela
garai berri baten atalasea eta hastapena
beharbada izango zen
orain gauden honetara lehenago ailegatzeko era
baina ez dugu jakin nola
berandu ibili ginen
eta ez genuen asmatu orduan
eta errakuntza eta aukera galdu horien guztien zama
bihotzean dakargula gatoz
iraganak eta geroak oinordetzan
laga diguten orain honekin:
orain hau baino ez daukagu...
eta azkena gerta badaiteke ere
ez diogu beldurrik beste porrot bati
izan ere hain dugu premia handia irabazteko
norbaitek noizbait zerbait irabaz dezan hemen
eta hain gertu dakusagu eskueran
aro hobeago baten aukera
elkar bana daitekeen aro baten aukera
inork inor sekula zapalduko ez duena...
egin diezaiogun gure gogoeta zintzoenaren promesa
egin diezaiogun gure ahalegin kezkatuenaren promesa
aldi hau pagatu duten guztien ohoreari
aldiro bizi izan dugun egokiera
izan da geneukan onena
geneukan bakarra
baina oraingo orain honek
aurrekoen aldean geroaz beteago
orain artekoek baino orainago dirudi
gure oraineko orainak gaur
eta ez dugu ekin gabe igarotzen utziko
hainbestekoa du herri honek irabazteko premia
hain karu pagatu du mendeetan
hain karu pagatzen da bizi garen munduetan...
iritsi da orain hau
hau da gure aldia
hauxe da gaur daukagun orain bakarra
egin dezagun gure gogoeta zintzoenaren promesa
egin dezagun gure ahalegin kezkatuenaren promesa
ez daukagu hondarrekoz galtzeko beldurrik
ez dugu irabazteko beldurrik
hemen norbaitek noizbait zerbait irabaz dezan
premia gorria baizik
gaur da gaur guztietan gaurkoena
orain da orain guztietan orainena
iritsi da gure gaurko eguna
iritsi da gure gaurko aldia
eta hala ere adiskideok
hala ere
iritsiko da eguna!