MAIATZ BERRITAN
esan didate suge gorriak umetzeko
sasoi betea dela hau
ibai bazterrera jotzen dutela
oskola urratuta kumeak jaio eta
berriro mendira aldatzeko ondoren
piztia jendearen ibilera irudikatzen dut
ortzia mehatxuz enpo bidea zail...
ikusi dut hitzak mamitu egiten direla sarri
esaten eta idazten direnean
ez dela berdin zer non eta nola esan
arraso muda daitekeela esanaren indarra
mintzoaren hautua egiten denean...
mende erdia daramat
zer naizen galdetzen neure buruari
bart aspaldiko lagun batek
sega mekanikoaz hatz batean irekia egin
eta herri hau ongarritu zuen bere odolarekin
bart bi suge txiki kalitu nituen
zabortegian gorpu agertu zen
gizon gazteaz akordatzeke
bart ohiko bihurgune itsuan eman zuen
beste bira bat munduak
eta nik lasai so egin nien
egin gabe bazter lagatako ekimenei
hurrengo egunsentiaren saria
beste ezeren nekerik gabe
seguru irabazia banu bezala:
ez den hizkuntza batean mintzo
ez den herri batean lo egin
ez den maitasun baten ondoan jaiki
eta kapitalaren logikak
erraz narama
narabil