MAITE DUZUNA
ez dakizunean maite duzuna herri bat den
gizon bat
emakumea
edo ezinezko kantua
malko bat sumatzen baduzu
sumatzen duzu marrazo bat begi mintzetik behera
edo bare nekatu bat hosto bila
betiko ostentzeko kausa hobearen beharrik gabe
ez dakizunean maite duzuna kantu bat den
emakume bat
gizona
edo ezinezko etxea
eta aho gozo batean badabil marruskatutako ogia
itsaspeko bat periskopiotik
dorre aldika itoa bistatzen ari bada
edo marru ozen bat zeure izatearen eguerdi hautsian
ez dakizunean maite duzuna gizon bat den
emakume bat
kantua
edo ezinezko kalea
eta zeure tristura eztian batzarturik
txapliguek hatsarrea iragartzen duten
mende zoriontsu bat bada jenderik gabeko unibertsoan
bare nekatu bat etsi gabe doalako hosto bila
ez dakizunean benetan maite duzuna zer den
benetan ezer maite duzun ez badakizu edo
dena maite duzula esan daitekeen unetik gertu bazaude
gertaeren logika ezak lehertzen du zalantza oro
durduzamendu atzeman gaitzak datoz
eta pausoak beldurra poza inoren agenda lokabean