MASTER CLASS
zertan oinarritu
geu gauzkan ordu honen emankorra
eta krudela egiaztatzeko
zeri heldu
minutuen isuri geraezina
haragijalea bada
eta ez badaki zer den gupida
eta ez badaki begiratzen atzera...
sentimenduen auzi mediku ez naiz
baina hutsik banago esan egin behar dut
nahi dut hitz egin asko galdu dutenez
tai gabe galdu eta galdu ari dinenez
eta nahi dut epai bideetan jarri
erabakiak zirela jabetu gabe
hartutako erabaki haiek
ardoaren erdokari so egindako hautu haiek:
badaukat zeri egotzi zorion une bakoitza
gertutik ezagutzen dut odolean txertatu zaidan
lehen mailako bidazti txartela
azalaren kolore definigaitz honen gailentasuna
eta uhaza bere izariaz harro litekeen ber
ergelki harrotzen nau neu besterik ezin izanak
gauzak ausaz baletoz bezala lokartzen naiz gauero
haizearen konpasean higitzen dira hodei gorriak
eta eurekin ni
Managuaren askatzea ahaztu dut
ahantzi zait Srebrenica eta 95eko uda
Nestor Cerpa eta Japoniako enbaxada Liman...
gizon egiten nauen ia dena ahantzi dut
ez ditut ezagutzen duela hamar urtetik gora
Marokotik etorri nire auzoak
mugetako polizia bihotza ernetzen zait sarri
ez dut ezer konprenitzen:
maite genuen lagun hilaren txakurra
paseatzeko txandak egiten nola gabiltzan
nola biltzen garen sarri ispilu aurrera
idolatrak lez irri bat lora dakigun esperoan
badaukat zeri egotzi zorion une bakoitza:
nor ez da saiatu gauzen barrua ulertzen
hutsik banago esan egin behar dut
maitatzeko ezinean banaiz esan egin nahi dut
gabiltzan kaleetan inporta duena galduta
maiz jartzen naiz altzari izatera
altzari humano neure antzekoen oldean
beste inoren bizitzako
pasarte hutsaletan leku bat hartu
beste inoren bizitzako
egun handien bezperan iraizean igaro
itzalei gogor oratuta
duela 2 milioi urteko hominido beldurtuaren
hominido bortitzaren
hominido iraun zalearen zainekoa naiz
eta 4 milioi urte barruko akabuari begira jarririk nago
denbora amaitzen ari zait
baina ez nire leinukoei ez nire herrikoei ez giza jendeari
anabasa hau zuzentzeko
belaunaldi biko tartea bada gutxienez
txalo txikia egiten dut espanturik gabe
gupidaz begiratzen diet nire esku ahurrei:
bide lanbrotsuak ikusten ari naiz eta
haizea kulunkatzen duten izenak datoz sokan
zerez eginak gauden esaten