ATLANTIKOAREN AURREAN
nik diot
orogenesia eta fotosintesia
baino garrantzitsuago dela
zure hagineko mina
nik diot
ez daukadala eskubiderik neuretzat
edozein pertsonari dagokiona baino eskatzeko
nik diot
inoren izena zaintzeko egin dezakedan guztia
egiten ez badut
txango ustela izango dela mundualdi hau
baga bat zerbait hobearen esperantza higatzen
porrot unibertsalaren uhinetan
nik diot
usainak zauriak pentsamenduak
lekukoak direla inportanteak
inorekin zer banatua izateko
zerbait kontatzeko ulu gertuegien itzalpeko gauetan
nik diot
maitasunak duela munta behinena
mende erdi joan zaidala birundaka hori zer den ikasten
nik diot
sentimendu kontrajarrien desordena honetan
gertaeren norabide eta larderia orokorraren aitzinean
gogaideak egin edo asmatu eta
amore ez ematea dela funtsezkoena
ez amiltzea konstelazioen isiltasunaren azpian
herioren zemai handinahiak entzuten
minutu bat ez galtzea
nik diot
jainko ez izatearen bakardadea
eramangaitza bezain ederra dela
nik diot
zure ezpainen ukitu batengatik nagoela hemen
ez dakit zenbat milioi jenderen artean
nik diot
ez garela kukuak geure izena soilik kantatzeko