MURMURIO HALAKO BAT
Jon Anzari
1
ez dakit non nagoen eta ez dakit banaizen
desagertu egin naiz
hilda egon naiteke
edo historiaren amaraunean galduta agian
desagertu egin naiz
eta beste edozein bezala
(baina beharbada urgentzia handiagoz)
neure buruaren bilaketa lanetan murgilduta nabil
arraroa egiten zait
erietxetan kasernetan morgeko zerrendan
neure izena irakurri nahia:
banago eta banaiz
baina guztizkoa ez banintz bezala
behin-behinean banaiz eta ez naiz
bat-batean ez nago eta hurrena banago:
prentsa ebakinetara desterratua
geltokian segurtasun kamerei
ezabatutako irudietan xerka
lurpeko ozeano nabarren ikaran
inoizka jendearen begira igo nahi duen malko nagia naiz
badakit desagertu egin nautela esatea
borondate bulkada markatuegia dena demokrazian
baina gogoak azken aurreko ahalegina eskatzen dit
noizbait izan naizela aldarrikatzeko
inoren asmakeria buruberoa ez naizela esateko apal
(besteren ahotik ikasi behar ote dut
halako batean izan nintzela munduan)
ez nago eta banago
banaiz eta ez naiz
desagertu egin naizela uste dut
baina seguru-seguru ere ez nago
2
luzaz desagertu bat izan naiz:
duela aste gutxi arte
ez nekien non nengoen
ez nekien banintzen
baina liluramenduak amaitu dira
ez dakit Toulousera iristerako
hilda nengoen
edo neuk asmatu pertsonaia baten bizitza
ari naizen azkentzen
zer egiten da
inork beretzat nahi ez dituen altxorrekin
non utzi nori eman nora bota...
gorputegian nago
eguzkiak egunero epeltzen ditu hozkailuetako ateak
baina ez desagertuen herioa urtzeko beste:
gorputz ustelgabea oparitu didate
eta ez dakit zer egin
non utzi nori eman...
inork behar al du hilotz izoztu bat
lorontzi baten gainean abandonatutako
meteorito mailatua izan naiz
zer egiten da alfonbra azpian
betiko laga ezin den altxor batekin
non eman behar dut
nire humanitatearen berri
zer daukat erakusteko
frogatu beharra ote dut noizbait
desagertua izandako hildakoa naizela orain
meteorito lotsati bat naiz
eta astuna gertatzen zait
desizozten jarritako altxorra izatea:
jaki aurrekozinatu batek bezala
begiratzea munduari
aurkitu egin naute azkenean
eta atzekoz aurrera kontatutako
bizitza baten jabe egin naiz:
jatetxe bateko ataria bi bidaia txartel
dirua arropak geltoki bat...
orain badakit: hiltzen eduki naute
heriotzan bera-bera egiten
hamaika egunez aurrena
eta hamaika hilabetez gero...
ezkutuko altxorra izan naiz izuen izartegian
inork nahi ez zuen altxor gordea naiz:
ez nekien non nengoen
ez nekien banintzen
luzaz desagertu bat izan naiz
baina amaitu dira liluramenduak...
orain hiltzen eduki nautela esan nezake:
hiltzen eduki naute
hil naizen arte