ASKO IZAN
arnasten dudan airea nola berritzen da:
etxe-usoena eta gabiraiena da
behiala aita zenak biriketan
iragazitako berbera da
eta hartu eta bota egiten dut ohartzeke
minutuko 12 bat bider
orduko 720 aldiz
eguneko
urteko hainbeste alditan
badakigu arnasa hartze hutsez
geure burua ari garela hiltzen
anoa txikitan...
nik ere inori osten diot bere arnasatik
sartu-atera nabil inoren bizitzan
nik hartutakoarekin
besteri kentzen diot
bizitzeko dagoen denboraren guztizko zakutik
hau ez da egun bat
hau koipe orbana da
antzerik gabeko denboraren mapan
hau ez da sukalde soila
zotin itoa baizik izarren lo-eroan
eta alditan gora dator ezina
batzuetan denontzat ez dago agindutako herririk
batzuetan iratzarri egiten dira txakurrak
oinetakoak eskuan sartu arren etxera:
ekina ezinez desegina
—edozein orri barreni data jartzea
ez da garaiko izateko bermea—
bakarrik egotea
zu zeu ere gabe geratze hori izango da
bost segundo bost minutu inor gabe
eta arrotza zaizun arnasaren mende
—frogatua dago
ezeren jabe ez dena ere desjabe daiteke—
mahai gainean mugitzen diren
animalia izuak ditut eskuak
gorputzak esan nahi ez didana asmatzera
jartzen naiz sarri:
haren apetak haren ajeak
neurekin daramat toki guztietara
baina oin batek ihes egin dit hozkailu azpira
arnasaren jitoan osasuntsu nago
neure sasoiaren seme izan beharrez ordea
batzuetan gizon zatikatua naizela uste dut
tesela galduekiko mosaiko eragabea:
eta arnasten dudan airea nola berritzen da