KONTRAERAN
ezetz dioten arren baietzean nago
ez da berdina maitasunak
ilunabar izoztuetan edo
gaugiro ederrarekin harrapatzea
ezbeharrek ez dute berdin tratatzen
jende ondo-bizia eta behartsua
—soziologian aditua da zoritxarra—
antzik ez dauka abandonuak
bistrot bateko mahaian edo
harrera kai galarazietako aduanan...
nahiz bietan hezur gogorrekoa izan
gaixotasunak berdin kolpatzen du
erdalduna eta euskalduna
baina badago aldea hitzetan
ezetzarekin bat egin behar banu ere baietz diot
erdi aro ospel batera goazela pendizean behera
nago daukadana galtzeko beldurrak eragin dardara
eta soin adarren txindurritze hau
ez dela erreparo psikiko somatizatua
edo ideologia endekatu baten ondoriozko
kolesterol mailari dagokion marka baino...
nire baiezkoarekin miraturik
egoten natzaie labana ahoei so
nola abesten dizkieten lo kantak
hozkailuko oilasko papar zuhailei
eta istiluen aurkako poliziei ume jaio arren
koskortu arte ez zaiela antzematen
euren klasekoen aurka ekiteko sortu zirela
diost gogoak
ezetz burgoiari baiezko pikorrez jartzen natzaio
bada bustitasun itsaskorra
sabelpe gozoko biloetara bidean
eta justiziaren tentazio molde bat
zauri zornatuen galdaran...
ekaitzen seme-alabok borroka ere egin dugunez inoiz
ondo pagatua nago
merezi izan dute
zelula matxinatuen lekukotzek
merezi izan du
fusilatzeen atariko goizak
merezi izan du
hainbeste larderiak —eskola estatua etxea...—
eta anaiak anaia leihotik
behera bota nahi izan zuenekoak
merezi izan du
ondo pagatua nago
beti delako uda betea
inoren buruko hemisferioren batean