Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Lorontzia

 

Ilunabarretan geranioak garaztatzeko ohitura izan du beti, ez du galdu amak txertatu zion zaletasuna. Behin, hosto ihartu batzuk kentzen makurka nekatuta tentetu zelarik, gizonezko bat ikusi zuen beste espaloiko balkoian, erretzen eta berari, Lorea Gernikari beha inolako eginestalirik gabe. Ez zuen ezagutzen, etxea egin berria zen eta kanpotarrek bete zuten. Erretzailea gizajoa, bigarren senarra ere hala zen. Eta gizon hark kasu egin, eskua gora, zigarroa atzamarren artean, agur egin, diosala. Ahalke, egongela barrura erretiratu zen Lorea Gernika.

        Begiluze ez bestea!

        Biharamunean gizona kukuka ostera, eskua inarroska linternatxo gorri ketsu horrekin...

        Lotsagabe arraioa!

        Halako batean, nahiz eta zigarrorik ez, gora egin zuen Lorea Gernikaren eskuak. Bestelako ilunabarra gertatu zen, etortzen dira horrelakoak, Lorea Gernikari behintzat ailegatzen zaizkio. Ez da bere gorputzaren jabe osoro, ez. Descartes?

        Hostoa kendu hostoa sortu, etxeak elkarrengana hurbilduz joan dira traba arkitektoniko guztiak suntsituz. Bi etxeetako balkoiek elkar joko dute laster, beso barruan daude ia, karkaba estu bat. Fenomeno paranormalak Etxarri-Aranazko karrika nagusian. Ikusgarria. Autobusak Burgosetik. Istilu gorria trafikoarekin. Alkatetza galdu zuen alderdia ahaleginean ari da jendea berotzen, protesta gogorrak behar ditu.

        Epaitegian musukatu dira —masailetan— Lorea Gernika eta bigarren senarraren inolako antzik ez duen gizontxo atsegina. Benetako begiluzeren batek salatu ditu! Beti dago zelatariren bat ilunabarrean batzen diren maitale platonikoen bekaizti.

        — Eta, honenbestez, kondenatzen zaituztet...

        Aldamenean daukan gizon ondraduari heldu dio eskutik, amultsu, bero.

        — Zu lasai!

        Buru eta bihotz, proiektuz betetako lorontzia izaten jarraitzen du, oraindik ere, Lorea Gernikak: hostoa kendu, hostoa sortu.