Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Gaü xuriz

 

Kexamendu urragarri bat. Haizea ekialdetik. Ekialdetik, bai. Ohea utzi eta egongelako arasaraino etorri da Lorea Gernika haztamuka. Kandela bat hartu, hantxe daukan Irulegiko arno botila hutsaren ahoan sartu, pospolo kutxa zabaldu, ziritxoaren burua paperlatzean igurtzi, garra txortenari atxiki... Erredizeen itzalak kulunkan. Eta berea aldaroka ikusiz, zorabio batean Lorea Gernika. O, Électricité de France, zure berrogeita hemezortzi jenitore nuklearrek ez dute berdintzen ahal su honen indarra! Haizearen intziriek sakonagotzen duten ilunpean, gar ñimiñoak dizkio begi biak hurrupatzen. Hanitxetan egin ohi du, betazalik zirkindu gabe egoten da hari so, bere baitan bildurik medium lanak eskatzen duen atzartasunean: «Xiberoko azti zühür gaztia, zelüan zer ikusi düzü hainbeste egün gorriz, hainbeste gaü xuriz?». Zakur adausiren bat urrun. «Otoi, esadazü egia, Xiberoko azti zühür gaztia!». Santurtziko gazte hori Mündüan malerusik kantari Atharratzeko leihoren batean. Agosti Xaho amorragarriaren hatsik ez! Harena ez baina Markus filosofoaren burua ageri zaio gandu batean, «Zer zabiltza, Gernika, egia beritablearen bila?» adarra jotzen. Espirituzale zintzoen arau, kandela osorik erre arte saiatu behar luke Lorea Gernikak Xaho urrunduari deika, baina ezin du: Électricité de France ahalgabeak hotzik mantentzen dion frigorifikoa behar lukeena baino lehen zabaldu ohi du, eta haren argitxo artifizialak ezean, gasna edo zozizon puska ederren batek hausten du meditazione giroa. Metafisikan ere, materialista samarra dugu Lorea Gernika. Baina Atharratzen bertan bildu ereinotz adaxka sorta bat utziko dio hilerrian azti zühür gaztiari Baionara doan hurrengoan. Kandelarik piztu gabe geratuko zaio buruz buru marmol zuri bikainari, Euskal Herriko zelüaz gogoetatua. Zotin lirikoak egin ohi ditu hantxe aldikal Lorea Gernikak. Ezagutu izan balu, apika...! Xahok bera, prefosta.