Lorea Gernika, andrazko bat
Lorea Gernika, andrazko bat
2015, nobela
160 orrialde
978-84-92468-72-0
azala: Juanba Berasategi
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Pizzaren proba

 

Hamahiru urte, helduaren berbeta eta umore beldurrezkoa. Gurasoek nazkatua daukate, lau ikastarotan dabil eskolatik harat: txalaparta, trikitixa, bertsolaritza eta euskal kulturaren ondare intangiblea. Lantzean behin piper egiten du eta amamarenean azaltzen da, gaur bezala. Pozarren hartzen du Lorea Gernikak, jakina, neskatoak beldur apur bat ematen dion arren. Ultzegin karrikan zabaldu duten pizzeria barrira eroan du ilunkaran, han, leku publikoan, errazago izanen direlako Lorea eta Uhaina, ez amama-bilobak. Modan dago gainera lekua, Oñatira datoz orain bergararrak jaten, egizu kontu. Harro sartu da Lorea Gernika lagun gaztearekin.

        — Begira, Uhaina! Zelako edertasuna pizza bat mahaiaren erdian!

        Lorea Gernikak ez du inoiz gose antzik izaten, Lorea Gernikak gosea bera izaten du, estronkau arte irentsiko luke sinplezia honetarik, gozamena da zatia eskuan hartuta hagin atxikorrak erretzen dituela jatea! Hirugarren senarra izan zena amorrarazten zuen estilo berean miaztu ditu atzamarrak, koitadua aurrez aurre daukala begitanduz.

        — Beste apurtxo bat, Uhaina?

        Fruitu gorriko hurrupaki erraldoia eskatu du neskatoak.

        — Ezagutu behar dut nik hori! Beste bat niretzat!

        — Amama, postreak eta geroko infusatuak neuk ordainduko ditut, zuk pizza ordaindu.

        — Ez Uhaina, ez, zuk dirua aurreztu behar duzu!

        — Dirua, zertarako behar dut nik dirua?

        — Ba... pizza jan ahal izateko.

        — Zer dinostazu, amama? Dirua lupean sartuta ez da garirik haziko.

        — Hau poza emoten didazuna, Uhaina! Ni be ekologista naiz, planeta salbatu behar dugu! Pizza hau lako elikadura jatorraren alde egin behar dugu! Eta errekara zaliak eta xardeak, nahikoa dugu katiluekin eta atzamarrekin! Badakizu? Nik behin sagarraren mutxikina landatu nuen parke publiko batean!

        Laranja eta jengibrezko infusatua eskatu du Uhainak.

        — Beste bat niretzat! Arraioa, Uhaina, sarriago etorri behar dugu hona!

        — Amama, zergatik ez diogu elkarri noka egiten?

        — Ados, Uhaina, noka egitea andrazkoon ezaugarri nagusia dugu! Baina zure gurasoen aurrean ez, e?

        — Konforme. Hasi zeu, Loretxu.

        — Aholku bat emon behar dinat, Uhaina. Badakin eguzki zuriak ostondo baltza dakarrela. Hik mutil bat nobiotarako hartu baino lehen, probatu egin behar dun.

        — Probatzen ari naun pare bat.

        Zelan jarraitu ez dakiela geratu da Lorea Gernika neskatoaren patxadak hormatuta. Listua irentsi eta eztul batzuk egin behar izan ditu hariari ostera oratzeko.

        — Proba gogorra ipini behar dion gustatuta daukanan mutilari. Ez dun kontu arina gero! Pizzeria honetara edo gura dunanera gonbidatzea dun egin beharreko behinena, nik halan egin ninan heure aitita litzatekeenarekin. Eta pizza ekartzen dutenean, zatitzen hasi barik, atzamarra gazta-tomatetan sartu, ahora eroan eta miaztu egin behar dun soinua atereaz. Horrelan ikusiko dun maite hauen edo ez.

        Uhaina muker geratu da, Lorea Gernika ez ote zaion ari tronpatik jotzen.

        — Amama, hik badakin zer behar den pizza bat egiteko?

        — Noski! Tomatea, gazta, txanpinoiak...

        — Ez amama, entzun. Pizza bat egiteko behar ditun sugina, labea eta irina.

        Bilobaren zorrotz horrek ikaratzen du Lorea Gernika, berak mundua zelan dabilen ez dakiela erruki barik erakusteko gordin ozar horrek.

        — Sugina kexu dela soldataz? Kalera jaurti eta Peruko bat ekarri erdian. Labeko gasa karu dagoela? Egurra lapurtu mendian. Baina zelan egin pizza bat irin barik? E, Loretxu adiskidea, zelan egin behar dun pizza bat irin barik?

        — Ez zakinat ba Uhaina, ez zakinat...

        — Kapitalismoa behar dinagu, zera! Kapitalismoa behar dinagu pizza egiteko! Kapitalismoak bakarrik zakin egiten irinbako pizza!

        — Entzuna zaukanat zer edo zer, bai...

        — Zenbat eta irin gitxiago, orduan eta pizza handiagoa!

        — Nik ez zaukanat eskolarik, Uhaina.

        — Munduko pizza guztien irinaren erdia zahia dun!

        Lorea Gernikak baietz egin du buruarekin, baina ez dago seguru bilobak baietza espero zuen. Tremendakoa da Uhaina hau, auzo guztietako maltzurrenekin batzen da eskolaz kanpoko ikastaro horietan, eta inon diren gordinenak ikasten ditu seguru be trikitilari, bertsolari eta antzeko jendilaje horren artean. Sano kezkatuta laga du neskatoak. Ba ote dakite nire seme mozoloak eta nire errain zuntzun horrek zeinen garbi dauzkan ideiak alabatxoak? Hartu beharretan dira burukantzazino batzuk...!

        Txartel mordoa atera du Uhainak ekarri duen bizkar zorro koloretsutik.

        — Autobusa ari gaitun antolatzen Baionako manifara. Etorriko haiz, ezta?

        — Ez zakinat ba...

        — Loretxu adiskidea, ba dakin xokolata egiteko theobromako olio gehiago erabiltzen dutela kakaoa baino?

        — Ene...! Baionan be kakaorik ez xokolatan?

        — Ezin dun huts egin xokolataren hiriburuko manifa.

        Txartel bi emon dizkio eta, zutundurik, mahairik mahai papertxoa luzatu eta dirua eskaketan hasi da Uhaina, dirua ezertarako behar ez omen duen hori berori. Tremendakoa, beldurrezkoa.